Estreinako balorazio hauen arabera, 160.000 pertsonak hartu dute parte egunero jaietako programan abuztuaren 26ra arte. Horietatik, 1.300.000 pertsonak esku hartu dute Aste Nagusiko 400dik gora jardueretan. Bederatzi egunez doako aisialdiaren eta kulturaren eskaintzan “erreferente bilakatu da Bilbo”.
Gobernu Taldeak zorionak eman dizkie herritarrei, bizikidetza-giroa eta partaidetza handia izan direlako jaien ezaugarriak, ondo pasatzea eta jaiez gozatzea izanik helbururik behinena.
Bada puntu ilun bat Udalak egindako lehenengo balorazio honetan: eraso sexistak. Aurten hiru eraso sexista salatu dituzte.
Musika
Abuztuaren 19tik 26ra bitartean, 250.000 bat pertsonak hartu dute parte jarritako bederatzi eszenatokietan. Enkarnazio plazako, Plaza Barriko eta Bilborockeko ikuskizunak “mukururaino” bete dira egunero. Abandoibarrako eta Europa parkeko guneetan gauero izan dira kontzertuak, publikoa gogobetez eta iazko kopuruak gaindituta. Bestalde, Pergola, Areatzako kioskoa eta Berbenak euren jarraitzaile leialak izan dituzte oraingoan ere.
Jenderik gehien bildu duen kontzertua Moratena izan da, Europa parkean, 17.000 ikuslerekin; ondoren, Antonio Orozco eta Amaralenak, 9.000 ikusle hurrenez hurren, Abandoibarran, eta Areatzako berbena herrikoi eta arrakastatsuetan, berriz, 6.500 ikusle inguru gauero.
Zaragozako pop-rockeko Amaral bikotearen kontzertua LGTBI kolektiboari laguntzeko izan zen. Kontzertua hasi aurretik Bilboko alkateak, Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziarekin eta Joseba Solozabal kazetariarekin batera, dibertsitate sexualarenganako eta genero-dibertsitatearenganako errespetua aldarrikatu zuen Abandoibarrako agertokian.
Bi nobedade izan dira aurten. Batetik, Abandoibarrako eszenatokian, hilak 26, EiTBk ekoiztutako Go!azen telesail ezagunaren musika-ikuskizuna eskaini zuten, publiko familiarrarentzat. Harrera ona izan zuen. Hartara, Bilboko Udalak umeei ere euren ordutegira egokitutako aukera eskaintzeko helburua bete zuen.
Su artifizialak
Udalaren arabera, 100.000 bat lagun egon dira gauero Bilboko zerura begira, ikuskizun piroteknikoaz gozatzeko. Madrileko Vulcano pirotekniak irabazi du Bilboko Hiria Nazioarteko XXVI. Sari Nagusiko epaimahaiaren saria, originaltasuna, dotorezia, erritmoa, espazioaren okupazioa eta gazteluaren harmonia osoa aintzat hartuta.
Udalaren iritziz su artifizialak dira Aste Nagusiko ekitaldirik garrantzitsuenetakoak, jende gehien biltzen duena baita eta baloraziorik handiena lortzen duena, 8,12 puntuko nota.
Umeentzako jarduerak
Casilda andrearen parkeko Txikigunek berriro jarri du marka partaidetzari dagokionean, aurreko edizioetako kopuruak gaindituta. Ia 1.500 ume izan dira parkeko eta Pergolako 9 instalazioetan. 2016an 144.000 umek hartu zuten parte.
Kale antzerkia
Bilboko kaleetan mundu mailan ezagunak diren konpainien 19tik gora ikuskizun izan dira Aste Nagusian. Obra hauek publiko leiala dute; 46.500 bat ikusle bildu dira Kale Antzerkiko eta Umeentzako Antzerkiko emankizunetan, Arriaga plazan eta Gaseko plazan.
Folklorea
Folklorearen eta herri kulturaren programazioak 45.850 jarraitzaile izan ditu. Erraldoiak eta Buruhandiak, Herri Kirolak Bertsolariak, Bilbainadak eta pilota-partidak milaka ikusleren ikuspuntuan izan dira.
13.000 pertsona hurreratu dira aste osoan zehar euskal dantzak dantzatzera eta erromerian parte hartzera Plaza Barrian.
Herri Kiroletan “Gizon Probak” izan dira nagusi. Zazpi indartsuk marka historikoa tapatu zuten 4.500 kiloko harria 68 metro eramanda arrastaka 20 minutuan. Harria 1910ekoa da eta ezin izan zuten mugitu duela 50 urtera arte. Ikusleek arreta handia erakutsi dute kirol mailako balentria honen aurrean. Arretaz jarraitu zituzten Areatzako herri-kiroletako gainerako probak ere.
Turismoa
Abuztuaren 19tik 26ra bitartean turismo-bulegoek 21.438 bisitari jaso dituzte. Jatorriari erreparatuta, estatuko turista gehienak kataluniarrak izan dira (% 21,29), ondoren madrildarrak (% 20,81), valentziarrak (% 17,76) eta andaluziarrak (%12,50). Atzerritarrak, berriz, frantziarrak (% 23,50), Erresuma Batukoak (% 17,32), italiarrak (% 11, 56) eta alemaniarrak (% 11,07).
Egunotan egindako kontsultei buruz, gastronomiaz ez ezik, Guggenheim Museoaz, garraioaz, ordutegiez eta interes turistikoko lekuez ere galdetu dute. Aste Nagusiko jarduerak izan dira arreta handiena eragin diena turistei, folklorea, herri-kirolak, dantzak eta, batik bat, doako kontzertuak.
Hotelen okupazio-maila % 87koa izan da.
Garbiketa
Puntu eta erdi hobetu da aurten birziklatze-tasa, 2016an % 15 izan zen eta aurten, berriz, % 16,4. Aurten nabarmentzekoa da ontzi-bilketaren gorakada –edukiontzi horian jasotakoa- % 67,9koa izan dela; iaz 5,3 tona bildu ziren eta aurten, ostera, 8,9 tona. Bestalde, beirari dagokionez, 50,2 tona bildu dira frakzio-edukiontzietan, iaz baino % 6,2 gehituta edukiontzi berdeetan bildu dena.
Itsasadarraren garbiketarako ontzi bi ibili dira garbi edukitzeko ur gaina; gaur arte 4.250 kilo hondakin bildu dira, gehienak ontziak eta plastikoak.
Herritarren segurtasuna
Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak esku-hartu duten ekintzetan % 9ko beherakada izan da 2016aren aldean. Gorabehera horien % 78 jaigunearen inguruan jazo dira eta % 22 uriko beste alde batzuetan.
Delituen Batzordeak Aste Nagusian tramitatutako eginbideak ere % 1,3 gutxiago izan dira gaur arte.
Delitu guztietan izan da beherakada: 3 delitu askatasun sexualaren aurka, 2016an 8, edo 1.092 lapurreta aurten, iaz, berriz, 1.106. Genero-indarkeriagatik salatutako delituek ere behera egin dute 24tik 26ra, baita indarkeria bidezko lapurretek ere 94 aurten eta 117 iaz. Gora egin dute, ordea, lesio-delituek (51 aurten eta 48 iaz).
Aurten, Galdutakoak eta Aurkitutakoak zerbitzu berezia jarri da abian. Zerbitzu honek arrakasta handia izan du 550 tresna baino gehiago jaso dira eta 263 itzuli egin ahal izan zaizkie jabeei, batik bat, dokumentazioa eta eskuko telefonoak % 49.
Bestalde, eta arlo sanitarioari dagokionez, aurten 98 intoxikazio izan dira, 3 bakarrik adingabekoak, iaz baino sei gutxiago.
126 pertsona eraman dituzte ospitaleetara anbulantzietan eta 435 pertsonari eman zaie arreta. Lesio traumatologikoak direla-eta eraman dituzte gehienak. Postu Mediko Aurreratuan tratatutako kasu gehienak zauriak izan dira.
Garraio publikoa
Aste nagusian, Bilbobusen gaueko zerbitzuak, Gautxorik, larunbatera arte 40.883 joan-etorri egin ditu auzoen eta jaiguneen artean. Iaz, 47.851.
Funikularrak aurten gaueko 12:00etara arte luzatu du ordutegia. Ostiralera arte 27.382 pertsona garraiatu ditu. Iaz, 23.089.
"Ez beti da Ez"
Areatzan informazio-puntu bat instalatu da bigarren urtez. Egunean, batez beste, 500en bat pertsona izan dira kontsultak egin dituztenak. Profil nagusia emakumeak izan dira. Informazio-puntura hurbildu direnen artean familia asko egon dira eta umeei “Ez beti da ez” lemaren esanahia azaltzeko eskatu dute.
Informazio-lekuan bertaratutako pertsonek egindako galderei erantzuteaz gain, eraso sexistak identifikatzeko eta horien aurrean nola jokatu jakiteko azalpenak ematen dituen gidaren 2.500 ale banatu dituzte, baita 22.000 txapa eta larrialdietarako telefonoen zenbakiak dituzten 2.500 txartel ere.
Lehenengo aldiz profesional bi jarri ditu Udalak jaiguneko aldez alde ibili eta erasoen aurkako mezua helarazteko, gai honetan sentsibilizatzeko eta gomendioei eta telefono interesgarriei buruzko informazioa emateko.