Aste Nagusia 2017

Aurtengo Aste Nagusia oso arrakastatsua izan da

Erabiltzailearen aurpegia Bilboko Konpartsak 2017ko abu. 29a, 09:39

Agurtu dugu jada geure Mari Jaia eta berekin batera bederatzi eguneko jai herrikoi etengabea. Aurten, urtero bezala, hainbat apustu berri egin dugu programazioari begira, eta lortu ere bai. Horretaz gain, izugarria izan da Aste Nagusia beste behin ere, denoi esker.

Zalantzarik ez dugu, munduko jai onenen gakoa jendea bera dela: jai-eremura hurbildu diren milaka eta milaka herritarrak eta jaigune barruan milaka eta milaka ordu bete dituzten konpartsakideak, hornitzaileak, garbitzaileak, ostalariak, sorosleak, kazetariak, argazkilariak eta abar… Eskerrik asko denoi, ezinbestekoak zarete!

Parte hartzearen adibiderik argiena beste behin ere lehiaketa gastronomikoa izan da, guztira 876 lapiko, hurrenez hurren horrela banatuta: 417 tortilla, 75 txipiroi kazola, 58 bakailaoa bizkaitar erara eta 59 pil-pil saltsan, 263 marmitako kazola eta 62 buztan gisatu.. Estreinaldi indartsua izan du aurtengo nobedadeak: patatak saltsa berdean. Horiek maila bete dute: 42 lapikoko markarekin ekin diote ibilbide berriari; guzti-guztiak ortuko produktuz osatuak, slow-food eta kilometro zero filosofiapean.

Goitibehera jaitsierari dagokionez, herritarren inoiz baino parte-hartze handiagoa izan dugu, urtero zirkuitu ofizialean dabiltzan profesionalez gain; eta gainera, tailerra eskaini diegu umeei, horiek parte har dezaten goitibeheren eraikitze-prozesuan. Eskerrik asko parte-hartzaile guztiei, badakigu datorren urteei begira harrobia daukagula lehian aritzeko goitibeheretan.

Sukaldaritza eta abiaduraren zale ez direnek ere izan dute haien txokoa Aste Nagusi honetan, konpartsok antolatu ditugun 525 ekintza baino gehiagoren artean: puzgarriak, eskalada-murrua, kale-antzerkiak, kontzertuak, papiroflexia-tailerrak…

Tamalez, geure programaziotik kanpo dauden gertaerak jazo ditugu aurten ere; eraso sexistez ari gara. Eraso horien kontra dihardugu irmo eta tinko. Guk ez dugu erronka hori irabazitako bataila gisa ulertzen, ez baitugu uste manikeismoaren ikuspuntu sinpleak laburbildu dezakeenik heteropatriarkatuak egiten dituen zapalkuntza bortitzak. Horregatik, publiko egin diren erasoen kantitatea murriztu izanak ez gaitu garaile bihurtzen. Bitartean, herritarren kontzientziazioa lantzen segitu dugu. Jakin badakigu erasoak egin egiten dituztela. Kaleak, gauak eta jaiak emakumeonak ere badira eta ez gara geldituko benetan hala izan arte. Diskurtso triunfalistak ez-ikusiarena egiten du gure gizartean sakonki errotuta dagoen arazoaren aurrean, eta guk lanean jarraituko dugu gizartean eta gure jaietan matxismoaren azken arrastoa desagertu arte. Lan mardula eta sakona da, erpin askokoa eta sisteman sustraituta dagoen arazo bati buelta emateko erronka ere bada.

Aurtengoak ere, ez dira izan polemikarik gabeko jaiak. Ez gara gu izan polemika horiek piztu ditugunak, eragin politikorik gabeko taldeek baizik, asmo sentsazionalistak dituzten hedabideen laguntzarekin. Arrakasta barik saiatu dira herritik abiatutako jai-ereduaren muina kaltetzen, eta, ohi bezala, herritarrek beraiek berretsi dute, beraien babesaz, jai-ereduaren indarra. Erretxindu eta asmo-ilunen gainetik, umorea, adierazpen-askatasuna eta jendarte-eraldaketarako apustua gailendu egin da, beste behin ere. Era guztietako iritzietarako dagoelako tokia Aste Nagusian.

Era berean, jai-eremuaren handitasuna aldarrikatzen jarraitzen dugu; aurten berriro ere, itsasadarrera salto eginez. Eremu hori historikoa izan da, eta da, herritarrentzako, bi errealitate banatzen baitzituen eta biak ala biak lotzea profitatzea dugu asmo. Itsasadarra eremu banatzailea izatetik, elkartzeko eremu izatera iristea dugu asmo. Finean, Ibaizabal bilbotarron ikurra dugu. Horregatik, errekari bizia gehitzeko prestatu ditugun aktibitateen artean, waterpoloa izan dugu nobedade gisa; baina ur-jolasak, kukaña, piraguak eta kaietan jarri ditugun puzgarriek areagotu dute errekako aktibitatea.

Bestalde, goraipatuko dugu Ane Ortiz Ballesterosen, Txupinera eta Askapeña konpartsako kidearen eta Nati Ovelleiro Sacristánen, Pregoilaria eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidearen lan bikaina; fin ibili dira eta prestutasun handiz jai herrikoi hauen ikono izan dira; hemendik, zorionak! Eta eskerrik asko! 

Azkenik, gaur konpartsakideok jo eta ke ari gara desmuntatzen urte osoko lana, baina hau ez da agur bat, bihar jada hasiko baikara antolatzen, desmuntaia horren errautsetatik, San Tomasak, Aratusteak eta datorren urteko Aste Nagusia, ospakizun berezia, 40. urteurrena izango baita. Bilbotarrok, ez ezazue ahaztu zuek zaretela eredu herrikoi, parte-hartzaile eta parekide honen protagonistak. Denok garelako Aste Nagusia, denok eraikitzen dugulako eredu herrikoia. Hortaz, gonbidapenik ez duzue behar: zuentzat zabalik daude 29 konpartsen ateak eta, nahi izanez gero, norberak berea sortzea ere badu. 

 

GORA MARI JAIA!

GORA ASTE NAGUSIA!

GORA JAI HERRIKOIAK!

GORA TXUPINERA ETA PREGOILARIA!

GORA BILBOTARROK!