Irailean Zamakolada altxamenduaren gertakariak ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte

uriola.eus 2017ko abu. 29a, 09:11

Irailaren 5etik 30era oinezko ibilbidea proposatuko zaie partaideei, Done Bikendi elizan abiatuta, XIX. mendearen hasierako Zamakolada jazo zen zenbait leku ezagutzeko. Bisitak doakoak izango dira eta ostiral arratsaldeetan bakarrik egingo dituzte euskaraz.

Bilboko Udalak irailean ekingo die berriro Hiriko gune berezietara egiten diren bisita gidatuei, ondarearen hedapenerako Bilbao Izan programaren barruan. Edizio honetan, azken gerrak eta beste borrokaldi historiko batzuek hirian utzi duten aztarnan eta historian zentratuko da programa. Urteko azken bisita honetan oinezko ibilbidea proposatuko zaie partaideei Abandoko elizatea izandakotik, Zamakolada izenez ezagutu zen altxamenduaren agertoki izan ziren zenbait leku ezagutzeko.

XIX. mendearen hasieran, derrigorrezko zerbitzu militarra ezartzeak eta beste portu bat egitearekin erlazionatutako albisteek, altxamendua eragin zuten Bilbo inguruko elizateetan. Abandoko elizatea bilakatu zen Bilboko herritarren eta merkatarien, eta Simón Bernardo de Zamacola buru zuten jaurerriko agintarien arteko gatazkaren agertokia. Asanbladak, erasoak, miaketak eta okupazio militarra eman ziren gure historiako gertakari hartan. Ziurrenez, altxamendu horren ondorioak eragina izan zuen Bilboren eta inguruan dituen udalerrien bilakaeran.

Bisiten edizio honek, Gerra Zibilaren eragina jasan zuten Santutxuko eta Zabalguneko hainbat leku, eta “Gatzaren Altxamendua” izenez ezagutu zen altxamendu herrikoiaren agertoki izan ziren Alde Zaharreko zenbait txoko ezagutzeko aukera eman du maiatzetik aurrera, eta orain Zamakoladak emango die amaiera. Ordubete eta erdi inguruko iraupena izango duen proposamen berria Done Bikendi elizan abiatuko da, izen bereko plazan. Bertan, garai hartan presondegi gisa erabilitako zenbait egoitza kontserbatzen dira oraindik.

Agenda

Irailaren 5etik 30era egingo dira bisitok, astearteetan eta asteazkenetan, 16:00etan eta 18:00etan, hain justu. Ostegunetan eta ostiraletan 10:00etan eta 17:00etan egingo dira. Ostiral arratsaldeetan euskaraz izango dira soilik. Larunbatetan 10:00etan eta 12:00etan egingo dira. 

Bisita euskaraz egin nahi duten taldeentzako beste hitzordu batzuk ere adostu ahal izango dira. Bisitak ordubete eta erdi inguruko iraupena izango du, eta talde bakoitzak, gehienez ere, 30 pertsona izango ditu.

Doakoak dira eta erreserba abuztuaren 28tik aurrera egin ahal izango da 94 401 00 10 / 010 telefono zenbakietara deituta astelehenetik igandera goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara.