Kaskagorrik konpartsaren irudia "zikintzeko" EGI "gezurretan" ari dela salatu du

uriola.eus 2017ko abu. 30a, 09:16
Argazkia: @kskgorri

Gazte konpartsak zalantzan jarri du istilua Arriaga antzokiaren atzealdean gertatu izana, txosnaren inguruan egon zen jendeak eta txanda egiten zeuden gazte boluntarioek ez baitzuten gertakariaren berri izan.

Kaskagorri gazte konpartsak atzo bidalitako komunikatuan salatu zuenez, EGI gazte antolakundeak "horrelako gezur bat zabalduz" konpartsaren irudia "zikintzeko" saiakera egin du.

Konpartsak azaldu duenez, EGIren hasierako bertsioan Kaskagorriko kideak erasotzailetzat jo bazituen ere, El Correo egunkarian baieztapen hori "gezurra" dela aitortu zuten, eta, beraz, "hasieratik bazekiten istiluan parte hartu omen duen gaztea Bilbokoa ez dela". 

Konpartsak jakinarazi du Aste Nagusiaren azken igandean Kaskagorri inguruan egon zen jendearekin eta txanda egiten zeuden gazte boluntarioekin hitz egin ostean, ez duela aurkitu gertakari horren berri izan duen inor, eta hortaz, "zalantzan" jarri dute istilua Arriaga antzokiaren atzealdean gertatu izana.

Kaskagorrik, prentsan zabaldu den EGIren aldebakarreko bertsioa kritikatu du, eta gazte konpartsa "kalumniatu" dutela salatu du, euren ikuspuntua kontuan izan ez dutelako. Halaber, EGIren komunikatua aldez aurretik gezurra zelaren jakitun izanik prentsa oharra hedabideetan zabaldu izana "mesprezagarria" dela adierazi du konpartsak. 

 

[2017-08-29] Euzko Gaztedik kide bati eraso egin diotela salatu du