Expodistritok, Bilboko barrutietako Udaltegietan eskainiko den aldi baterako erakusketa zikloak, bihar, irailaren 1ean, inauguratuko du urteko laugarren hiruhilekorako programa. Oraingoan, Abando-Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Otxarkoagako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko, Burtsako eta Errekaldeko udaltegietara hurbiltzen diren bilbotarrek, hainbat pintura estilo, teknika eta gai landuz egindako zazpi pintura erakusketaz gozatu ahal izango dute. Horrez gain, Marta Perez Elosuaren zuri beltzezko argazki bilduma ere ikusi ahal izango dute, eta urrian Bilboargazkiaren programazioa gehituko zaie.
Urteko azken hilabete hauetako programa iraileko lehenengo hamabostaldi honetan hasiko da, lau pintura erakusketarekin, eta argazki erakusketa batekin, irailaren 1etik 14ra, Begoñako, Otxarkoagako, Castañoseko, Errekaldeko eta San Inazio – Ibarrekolandako udaltegietan.
Horrela, Begoñako Udaltegiak Javier de la Iglesia artistaren Al compás de la imaginación erakusketa jasoko du. Erakusketa horretan, geometrian oinarrituta oihalean irudi arkitektonikoz eta kontrastez betetako barne mundua irudikatzen duten margolanen bilduma jasoko da. Iraileko bigarren hamabostaldian, erakusketa Errekaldera aldatuko da.
Otxarkoagako Udaltegiak, bere aldetik, Marta Betolaza margolari eta marrazkilariaren erakusketa bat jasoko du hileko lehen hamabostaldi honetan. Arkatza, ikatza eta beste teknika batzuk erabiliz, bere ametsen mundua errealitate bilakatzen du paperaren gainean. Bihartik aurrera, baita ere, Felisa Urracaren lana bisitatu ahal izango da Castañoseko Udaltegian. Simbiosis izeneko bilduman, naturari buruzko alderik fisikoena eta irudimen gehien duena adierazten du, bere paisaietan kolore biziak, fantastikoak eta idilikoak sartuz.
Hamabostaldi honetarako programatutako azkenengo pintura erakustaldiak, Errekaldeko Udaltegian ikusi ahal izango denak, Joseba Kortazar diziplina anitzeko artistak 2016 eta 2017 urteetan egindako margolan aukeraketa jasotzen du. Kortazarren lana etengabeko bilaketa, etengabeko ikerket da, pintura marra sendoen bitartez, nahi duen forma lortu arte bata bestearen gainean jartzen duen eta informazioz beteta dagoen geruzaz geruza.
Bost pintura erakusketa horiez gain, San Inazio – Ibarrekolandako udaltegiak Marta Pérez Elosuaren “Percepciones” argazki erakusketa jasoko du bihartik aurrera. Zuri beltzezko 20 argazkiz osatutako bilduma horretan, begiratzen duenaren pertzepzioaren arabera zenbait objektu eta egoera zelan aldatzen diren irudikatu nahi izan du. Horrek, denok ez dugula gauza bera ikusten eta dena ez dugula ikusten esan nahi du. Expodistritoren programaziotik kanpo dagoen arren, ohikoa denez, urrian udaltegiek Bilboargazkiko erakusketak ere jasoko dituzte. Erakusketa horietan nazio eta nazioarte mailako erreferentziazko argazkilarien lana ezagutzeko aukera ematen da.