Hiru emankizun gehiago 'Cabaret Chihuahua'-rekin gozatzeko

uriola.eus 2017ko ira. 5a, 11:37

Argazkia: Euskalduna Jauregia

Izan duen harrera ona dela medio, Euskalduna Jauregiak irailaren 7, 8 eta 9an ere Cabaret Chihuahua ikuskizuna eskainiko du.

Pabiloi 6ren ekoizpenak arrakasta izan du. Zorionekoak dira Cabaret Chihuahua-ko taldekideak. Euskalduna bezalako jauregira kabaretzaleak eramatea lortu baitute Aste Nagusiaren ostean. Abuztuaren 29tik irailaren 3ra programatuta zegoen umorea, kritika eta musika uztartzen dituen antzezlana. Bada, jauregiko kudeatzaileek jakainarazi dute hiru emankizun gehiago eskainiko dituztela irailak 7, 8 eta 9an, 20:00etan. Hau da, hurrengo ostegun, ostiral eta larunbatean, hain zuzen ere.

 

Cabaret Chihuahua

Krisiak kabaretaren munduan ere izan duen eraginari buruz ironizatzen du antzezlanak. Felipe Lozak sortu eta zuzendu duen komedia musikala giro euskal-mexikarrean gertatzen da, musika, dantza eta varieté artean.

Cabaret Chihuahuako gau alaietan askotariko pertsonaiak gurutzatzen dira: Liza Minelli, Marilyn Monroe, Amy Winehouse, Cantinflas eta Frida Khalo artistak, Sabino Arana politikaria eta Montserrat Caballé abeslaria, besteak beste.

Horiek guztiek bat egingo dute haragoko (batek daki zeruan edo infernuan) taberna-zulo batean, eta ongietorria egingo diote beste bizitzara heldu berri den zorigaiztoko bati. Horrela, abestiekin, umore handiarekin eta elkarrizketa frenetiko eta koralekin, bilbe absurdoa garatuko da, eta barre-algara etenik gabe elikatuko du, gizarte kritikari muzin egin gabe.

Cabaret Chihuahua Pabiloi 6ren produktua da. Pabiloi 6k, besteak beste, Ramon Barea aktorea (Antzerkiko Sari Nazionala 2013an) dauka bultzatzaile.