Urtero bezala Udalak zinegotziei zenzeketara joateko bonoak banatzea salatu du Ane Ligerok. Izan ere, Bilboko EH Bilduk Aste Nagusia baino lehen salatu zuenez, Udalak 40.000 euro "xahutu" ditu EAJ, PSEE eta PPko zinegotzi eta erretiratuen elkarteentzeko sarreretan. Loreto Erraztik, bere aldetik, pribilejioak gaitzetsi ditu, "ez du zentzu handirik elite horretan daudenak bakarrik zezenketara joatea".
Belaunaldien arteko "errelebo" edo transmisioa ez dela egon aipatu du txupinera ohiak. "Ez da lortu gazteak hara [zezen plazara] joatea". Beraz, etorkizuna zezenketa gabeko hiria izango dela baieztatu du.
Animalienganako errespetua areagotzen omen doa, hala mintzatu da Ane. Hala ere, erakundeen pasibotasuna kritikatu du, "ez dira mugitzen". Bilbo inguruko herrietan aurrerapausoak ematen ari dira apurka. Getxon eta Barakaldon zezenketak debekatuta dituztela jakitera eman du Erraztik, eta Bilbok ere horrelako neurriak hartu beharko lituzkeela esan du, "nahiz eta vegan friendly hirian ez bihurtu".
Borroka "luzearen" ondoren alternatiba barazkijalea Aste Nagusira heltzea lortu du konpartsa animalistak. Aurten 42 taldek izena eman dute orain arte txapelketa gastronomikoan lehiatu den lehenengo errezeta barazkijalean, patatak saltsa berdean, hain justu. Albistea "oso pozik" jaso zutela aitortu du Anek, eta aurrerantzean aukera hori "sendotzen" jarraituko dutela gehitu du Erraztik. "Saiatuko gara sukalki honekin Areatzan jende gehiago konkistatzen".
Amaitzeko, Piztiak konpartsak zezenketen kontrako ekintzetan soilik parte hartzen ez duela argitu dute. Bi konpartsakideen arabera, azken urtean egindako ekintzak kanpaina beraren barruan daude, eta animalien alde sustatu dituzten ekimenak azaldu dituzte.