Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak DibertigarRia jaialdiaren XI. edizioa ospatuko du irailean. Aurreko urtetan bezala, aurten ere, hainbat ekintza antolatu du bilbotarrentzako: tailerrak, ekimen gastronomikoak, ur-ekintzak, motor klasikoen erakusketa eta kontzertuak izango dira, hurrenez hurren.
Gaurtik 17ra bitartean jazoko da festibala, eta, asteburu horretan, museoko erakusketarako sarrera euro batekoa izango da. Halaber, irailaren 16an, Atyla belaontzia musoaren kaian porturatuko da, eta negu osoko asteburuetan bisitagai egongo da.
Asteburu honetan ere abiatuko da 16 urtera arteko gazteei zuzendutako Arrantza Eskolaren beste ikasturte bat. Arrantza Eskola Itsas Museoaren zabalgunera mugituko da: 17:00etatik 20:00etara larunbatean, irailak 16, eta 12:00etatik 15:00etara igandean, irailak 17. Irailaren 24tik aurrera, jarduerak bere ohiko kokapena eta ordutegia berreskuratuko ditu: Erripa Kaian igandero, Areatzako zubiaren ondoan, 11:30etik 13:30era, azaroaren 19ra arte.
Itsas Museoan aukera gehiago
Ekintzekin batera, hitzaldi bat ere antolatu dute irailaren 19an. Natividad de la Puerta Ruedak Burdinezko itsasadarra. Meatzaritza, burdingintza eta portua mintzaldia eskainiko du, Bizkaiko garapenaren isla den Bilboko portua hizpide izango duena.
Ekintza osagarritzat, irailaren 23an Itsas Museoak Bilboats itsasontzian itsasadarretik ibilaldia eskainiko du.
Piraguismo BBK Kayak kirol jaiari ere eutsiko dio beste urte batez. Kirolean adituak direnek, beteranoek eta zale arruntek parte hartu ahal izango dute piragua ibilbideetan. Ondoren, sardina jana eta zuzeneko musika izango da.
Irailaren 28an Gentlemen's Ride munduko motor klasikoen elkarretaratzea ospatuko dute. Bildutako dirua Movember Foundation erakundeari bideratuko zaio, prostatako minbizia ikertzeko.
Festibalean Bilboko museoak Nave 9 kafetegiko terraza berria publikoari irekiko dizkio ateak. Bertan, Carlos Romero musika-programatzaileak hainbat kontzertu ekainiko ditu aire zabalean.
Aurreko urtetan bezala, asteartetan museorako bisita doakoa izango da iraila eta urria bitartean.