Aurreko astean AEK-ko euskaltegiak zabaldu zituztenetik lagun asko pasa dira AEK-k Euskal Herri osoan dituen euskaltegietatik. "Mugimendu handia dago", AEK-ko koordinatzaile nagusi Mertxe Mujikaren esanetan. Baikorrak dira, hortaz, eta baikortasun horrek aurreko ikasturteko 12.000 ikasleko kopurua 2017/18 ikasturte berrian handituko dela pentsaraztera eraman ditu. "Posible dela" uste dute AEKn. "Datuak hobetu daitezke", nabarmendu du Mujikak.
Emotikonoen irudia baliatu dute matrikulazio kanpainan euskara ikasi eta hobetu nahi duten lagunak matrikulatzera animatzeko. Horiei euskara modu "afektiboan eta efektiboan" ikasteko aukera zabala eskainiko die AEK-k: eskolak euskaltegietan, autoikaskuntza, on-line ikastaroak, barnetegiak, mintzapraktika taldeak eta jarduerak, normalizazio planak, itzulpen-zuzenketa zerbitzua edota Aizu! aldizkaria, besteak beste.
Erabilerak egiten gaitu euskaldun
Gaurko agerraldian euskararen erabilerari aparteko garrantzia eman diote AEK-ko lagunek. Euskara ikasleak "hiztun aktiboak" izan daitezen. "Denon artean lortuko dugu", gaineratu du Mujikak.
Euskara ikasleak ikertu ditu Jone Goirigolzarri Deustuko Unibertsitateko irakasleak. Bera izan da "euskal hiztun berrien 10 irakaspen" labur azaldu dituena, Zergatik ikasi euskara eta nola iritsi euskaldun izatera? izeneko dekalogoaren bitartez. Hamar puntutan bere ikerketan elkarrizketatu dituen euskara ikasleen kezka eta ardurak aurkeztu eta berehala uxatu ditu hainbat azalpenekin. Berak ere modu "kontziente" eta "proaktiboan" euskara ikasi eta erabiltzera animatu ditu heritarrak, eta euskaldunen arteko sailkapenak baztertu ditu: "Euskaraz hitz egiten dugun guztiok gara euskaldunak, den-denok 'benetako euskaldunak'".
Dekalogoa: Zergatik ikasi euskara eta nola iritsi euskaldun izatera?
1. Euskara ikasteak poztasuna eta harrotasuna dakartza. Euskara ikasteak sari ugari eta askotarikoak eskaini dizkie euskaldun direnei.
2. Euskara ikasten hasteko edo berrikasteko, arrazoi eta motibazio ugari egon daitezke, eta den-denak dira baliozkoak.
3. Euskaldun aktiboa bilakatzea ez da prozesu automatikoa; bidean agertuko diren erronkei eta ardurei aurre egitea funtsezkoa da.
4. Garrantzitsua da ez izatea autokritikoegia norberaren gaitasunari dagokionez. Gainera, gogoan izan: hizkuntzak elkarrekin komunikatzeko dira. Komunikazioa baldin badago, helburua lortuta.
5. Euskaraz komunikatzeko orduan, eta oraindik ikasten ari garela, baliagarria izan daiteke elkarrizketan hizkuntzak tartekatzea (erdarazko hitzak edo esaerak ere baliatzea).
6. Batua eta euskalkiak, denak dira euskara. Euskara batua oso euskara jatorra da, eta, era aberean, erraza da tokian tokiko euskalkien ezagugarri batzuk bereganatzea, hiztunak gustura egon daitezen erabiliko duten hizkuntzarekin.
7. Testuinguru erdaldunetan ere, posible da euskara erabiltzea, zenbait estrategia garatuz gero.
8. Posible da ingurukoekin hizkuntza-ohiturak aldatzea, alegia, beti erdaraz besterik egin beharrean, euskaraz (ere) egiten hastea.
9. Euskara errepertorio linguistiko aktiboan sartzeko, lagun berriak edo jarduera berriak egiteko uneak baliau behar dira.
10. Jarrera proaktiboa izanda askoz euskara gehiago erabil daiteke. Era berean, kontzientzia hartzea oso-oso garrantzitsua da urratsa eman dutenentzat.