Udalak eta euskaltegien sareak bat egin dute bilbotarrak euskara ikastera animatzeko

uriola.eus 2017ko ira. 12a, 17:03

Euskara Saileko eta euskaltegietako ordezkariak gaurko aurkezpenean (Arg. Hamaika TB)

Euskaltegietako izen-emate epea zabalik dagoela, Bilboko Udalak eta euskaltegien sareak lankidetzan matrikulazio kanpaina abiatu dute. Helburua euskara pertsona guztien eguneroko tresna bihurtzea da. Gurasoek, aisialdiko monitoreek eta DBE jasotzen dutenek diru-laguntzak eskura ditzakete euskara ikasteko.

Euskera is in the Air–Vive Bilbao en euskera goiburuaren bidez, Bilboko Udalak eta uriko euskaltegien sareak kanpaina atera dute kalera "herritarrak euskara ikastera eta hitz egitera bultzatzeko". Hiri osoan zehar ibiliko diren 5 Bilbobusetan, 24 publizitate-zutabetan, Udalaren 5 erlojutan eta irratiko iragarkietan zabalduko da kanpaina. Hain zuzen ere, Koldo Narbaiza Euskara zinegotziak nabarmendu duenez, helburutzat du bilbotarrak "2017-2018 ikasturtean euskarako ikastaroetan izena ematera bultzatzea. Helbururik behinena euskara pertsona guztien eguneroko tresna bihurtzea da".

Azken urteotan egin duten bezala, ikasturte hasiera honetan ere Euskara Sailak eta euskaltegien sareak elkarrekin egin dute dei "hizkuntzaren normalizazioa lortzeko eta erabilera suspertzeko". Oraingo honetan, kaletik bertatik, Erribera merkatuaren ondotik. "Kanpaina honekin, jendeak euskaraz egunero hitz egin dezala lortu gura da, eta horretarako aurreneko urratsa Bilbon dauden 17 euskaltegietako batera joatea eta urriaren 1ean hasiko den ikasturterako matrikulatzea da", adierazi dute euskaltegietako ordezkariek.

Euskaltegietan bertan aurkitzen dira euskararen ikaskuntza, erabilera eta normalizazioa sustatzeko tresnak. Aurten ere mota guztietako ikastaroak antolatu dira, moduan, epean zein metodologian ikaslearen ezaugarrietara taxutuak. Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko hilaren amaierara arte.

Diru-laguntzak

Bilboko Udaleko Euskara Sailak 164.900 euro erabiliko ditu diru-laguntzak emateko euskararen normalizazioan garrantzia biderkatzailea duten kolektiboei, hau da, gurasoei eta aisialdiko monitoreei. Kolektibo bi horiek berebiziko leba dute-eta umeen eta gazteen hizkuntzarekiko jarreran. 

Honelako laguntzekin euskara ohiko tresna bilakatu nahi da etxekoen arteko harremanetan. Kolektibo bi horiek ez eze, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE-RGI) jasotzen dutenek ere diru-laguntzak eskura ditzakete. Diru-laguntzok 2018ko udan banatuko dira, behin 2017-2018 ikasturtea bukatuta, ordaindutako matrikularen zati bat itzuliz. 

Euskaltegien sarea

Narbaiza zinegotziaren hitzetan, euskararen normalizazioan "egundoko garrantzia izan dute euskaltegiek Bilbon, sare zabala eta oso bizia osatzen dute eta. Horregatik, Bilboko Udalak herritarrei euskaldun izateko eskaintzen dien zubia egiten jarraitzen du, laguntza emanda euskara ikasi gura dutenei".

Bilbon 17 euskaltegi daude, hiriko zortzi barrutietatik zazpitan. Horrek esan nahi du "ia barruti guztiek dutela euren euskaltegia". Iaz, 2016-2017 ikasturtean, 8.000 ikaslek baino gehiagok eman zuten izena.

Hauek dira Bilboko euskaltegiak:

1. Barrutia (Deustu)

• Larrako AEK (Larrakatorre, 24) Tel. 94 447 02 24

• Euskal Irakaslegoa-Universidad de Deusto (Unibertsitateen etorbidea, 24) Tel. 94 413 91 77

• Matxintxu AEK (Ramon y Cajal, 8) Tel. 94 475 22 33 

3. Barrutia (Txurdinaga-Otxarkoaga)

• Santutxu AEK (Arbidea, 21) Tel. 94 411 76 56 

4. Barrutia (Begoña)

• Labayru Fundazioa (Bilbao-Galdakao, 6A - Metroalde, Bolueta). Tel. 94 607 72 10 

5. Barrutia (Ibaiondo)

• Bilbo Zaharra Euskaltegia (Posta, 8) Tel. 94 415 82 92

• Lizardi AEK (Txakur kalea, 1) Tel. 94 416 82 00 

6. Barrutia (Abando)

• BAI & BY (Urkixo zumarkalea, 22) Tel. 94 470 18 57

• Gabriel Aresti Euskaltegia (San Bizente, 2-4) Tel. 94 423 75 91

• Indautxu AEK (Urkixo zumarkalea, 88) Tel. 94 441 34 74

• Labayru Fundazioa (Colon de Larreategui, 14) Tel. 94 443 76 84

• Mikelats Euskaltegia (Ayala, 1) Tel. 94 415 32 95

• Mondragon Lingua (Buenos Aires, 7) Tel. 94 661 34 67

• Ulibarri Euskaltegia (Gardoki, 3) Tel. 94 416 24 72 

7. Barrutia (Errekalde)

• Juan Mateo Zabala Euskaltegia (Gordoniz, 22) Tel. 94 422 13 88

• Irala AEK (Kirikiño, 22) Tel. 94 421 13 04 

8. Barrutia (Basurtu-Zorrotza)

• Zorrotza AEK (Zalbidea, 7) Tel. 94 441 49 20