Euskal Herri osora hedatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia lehen aldiz

uriola.eus 2017ko ira. 12a, 13:06
Argazkia: Bertsozale Elkartea

Baigorri, Segura, Leitza, Zalla, Zumaia, Tolosa, Bastida, Irun, Maule-Lextarre, Durango, Amurrio, Donibane Lohizune, Iruñea eta Barakaldora helduko da Bertsolari Txapelketa Nagusiak aurten. Irailaren 23an hasi eta abenduaren 17an amaituko da.

Lehen aldiz Euskal Herri osoko lurraldeetan ospatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Gaur goizean Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egin du Bertsozale Elkarteak txapelketa aurkezteko prentsaurrea. Bertan parte hartu dute, aipatutako Jokin Castaños, Iñaki Muruaz, Alaitz Rekondo, Asier Ibaibarriaga, Ekaitz Elorriaga, Saroi Jauregi eta Xumai Murua, Nafarroako, Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Bertsularien Lagunak -Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoa elkarteetako lehendakariek-, besteak beste.

Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko kideak azaldu duenez, aurten txapelketa euskararen zazpi lurraldeetan egitea "errealitate baten isla dela", izan ere "bertsolaritza bizirik baitago eremu horretan".

Alaitz Rekondok agerraldiaren hasieran azaldu duenez "bere ikusgarritasunean Txapelketa Nagusia ez da lau urtetik behin egiten den ekimen isolatu bat, urte luzez eta egunez egun Euskal Herriko herrialde guzietan bertsolaritza bultzatzen ari garen hainbat eragileren lanaren ondorioa da". Horrekin batera, hezkuntza arautuan bertsolaritza lantzeko abian den egitasmoa, bertso eskolak, ikerkuntza proiektuak, Xenpelar Dokumentazio Zentroa zein bertsolaritzaren hedapenerako bideak mahai gaineratu ditu Rekondok.

43 bertsolari, 18 gai jartzaile eta 20 epaile

Jokin Castañosek eman ditu txapelketaren inguruko xehetasunak: "Unai Iturriagak ez du izena eman eta finalista denez ez du ordezkorik izango eta Iñaki Gurrutxagak uko egin dio parte hartzeko aukerari eta Felix Zubiak abestuko du bere ordez". Final laurdenak, finalaurrekoak eta finala izango ditu txapelketak: “finalaurrekoak bi fasetan jokatuko dira eta bi faseen artean puntu gehien lortzen dituzten zazpi bertsolariak pasako dira finalera”. Finalaurrekoetatik sailkatutako zazpiak eta Amets Arzallus egungo txapelduna izango dira Barakaldoko finalean.

Saioak arratsaldeko bostetan hasiko dira, finala izan ezik, baina saioa izango den herrietan bestelako ekitaldiak antolatu dira herria bera bertsolaritzaz girotzeko; besteak beste, Segurako final laurdenarekin batera egingo da Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguna irailaren 30ean.

Sarrerak salgai

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian salgai dira dagoeneko. Final laurdenetako sarrerak denontzat daude eskuragai eta finalaurrekoak eta finalekoak bazkideentzat daude soilik urriaren 2ra arte. Bestalde, bazkideek lortu ahal izango dute bakarrik abonamendua. "Txapelketa honetan onura gehiago eskaini nahi izan diegu gure bazkideei, haien inplikazioa eta ekarpena eskertzeko modurik onena dela iruditzen baitzaigu. Izan ere, Bertsozale Elkarteko bazkideak dira gaur aurkezten dugun Bertsolari Txapelketa Nagusi honen eta Bertsozale Elkarteak aurrera eramaten dituen bestelako hamaika ekimenaren sostengurik handi, fidel eta ezinbestekoena", azaldu du Muruak. Halaber, salmenta guneak ere izango dira Euskal Herri osoan zehar, sarrera arruntak erosteko.

Telebistan ere

Jakinarazi dutenez prentsaurrekoan, jarraipen zabala egingo zaio www.bertsoa.eusen ere eta Bertsozale Elkarteak ekoitzi eta ETB1en eskaintzen den Hitzetik Hortzera telebista saioak txapelketarekin ekingo dio irailaren 24an ikasturte berriari; horri gehitu behar zaio kate berean astelehenetan eskainiko den Aulki Jokoa telebista programa.