'Haurgune' eta 'Kidegune' aisia-programetan izena emateko azken eguna gaur

uriola.eus 2017ko ira. 13a, 11:32

Gaur arte egin ahal izango da behin-behineko izen-ematea programa bietan. Programetako jarduerak Begoñako, Iralako, Otxarkoagako, Deustuko, Zorrotzako eta Castañosko udaltegietan eta Zazpikaleetako lokal batean egingo dira. Helburua da lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko aukera ematea familiei, seme-alabek ondo pasatzen duten bitartean.

Bilboko Udalak gaur arte, hilak 13, izango du irekita 2017/2018 ikasturte berrirako Haurgune eta Kidegune haurren aisia-programetan plaza bat eskatzeko epea.

Haurgune programa, alde batetik, Bilbon erroldatuta dauden 5 urtetik 8rainoko umeei, 2009-2012 urteetan jaioak, zuzenduta dago. Programa hori astelehenetik eguenera bitartean egingo da, 17:30etik 19:30era arte, eta 12 plaza eskaintzen dira zentro eta egun bakoitzean.

Kidegune programa, bestetik, Bilbon erroldatuta dauden 9 urtetik 11rainoko neska-mutilentzat, 2006-2008 urteetan jaioak, da. Kasu honetan, ordutegia 17:30etik 19:30era artekoa izango da ostegun eta larunbatetan, eta 15 plaza eskaintzen dira zentro bakoitzean.

Udal-programa bi horietan, parte-hartzaileek aukera izango dute adiskide berriak egiteko, bizikidetzarako trebetasunak eskuratzeko eta eskolatik irtetean edo asteburuetan aisialdiaz gozatzeko. Era berean, udal-jarduera horiek garatuz, Udalak lan-bizitza eta familia bateragarri egitea sustatu nahi du.

Haurguneak eta Kideguneak kokatuta daude Begoña, Irala, Otxarkoaga, Deustu, Zorrotza eta Castañosko udaltegietan eta Zazpikaleetako lokal batean.

Bilbo Adimenduna

Jardueren gaiak ikasturte guztietan aldatzen dira, eta aurten Smart Citizens: Bilbo adimenduna eraikiz goiburupean egingo dira jarduerak. Umeek ikusiko dute jarduera horietan nolako apustua egin duen Udalak hirian dauden pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko; bizi-kalitatearen hobekuntza hori teknologia berrien bitartez ere egiten du.

Haur- eta gazte-eremuko udal-eskaintza osoan bezala, Bilboko Udalak batez ere euskaraz eskaintzen ditu programak, eta ingelesezko jarduera batzuekin osatzen ditu.

Zozketa eta izen-ematea

Haurgune eta Kidegune programetan parte hartzeko zozketa publikoa irailaren 14an egingo da, 10:00etan, Bilboko Udalaren Gazteria eta Kirol Sailaren bulegoetan.

Irailaren 15ean kontsultatu ahal izango da zozketaren emaitza udaleko webgunean, 010 / 944010010 Udalaren informazio-telefonoetan edo hiriko barrutietako udaltegietan dauden Bilbao Click bulego elektronikoetan.

Plaza egokitzen zaien umeek irailaren 15etik 19ra bitartean egin ahal izango dute inskripzioa. Plaza hutsik geratzen bada, inskripzioak ikasturtean zehar egiteko aukera izango da, urriaren 2tik aurrera, Gazteria eta Kirol Sailera deituz (94 420 43 94 / 94 420 42 22 / 94 420 43 95).