Igandean, irailaren 17an, aurrestreinatuko dute Sitio Distinto dokumentala Kafe Antzokian. Lanaren hasierako ideia David Cabaleirorena izan zen arren, Zirriborro eta PixelFilms ekoiztetxeekin elkarlanean egin du. Galiziarren immigrazioaren eragina Euskal Herrian jasotzen du Sitio Distinto lanak eta gizartean errotuta dauden topiko eta aurreiritziak apurtzea du helburu.
Davide Cabaleiro ikus-entzunezkoen inguruko ikasketak egitera etorri zen Coruñatik Euskal Herrira. Andoainen bi urte ikasi ondoren, lau urte bizi izan da Bilbon. Egun, galiziarra bezain bilbotarra sentitzen dela aitortzen du. Ikasketak amaitu eta gero, galiziar immigrazioak euskal kulturan utzitako "hazia" ikertzeko, eta deseroso sentiarazten zioten topikoak "apurtzeko" ikus-entzunezko lana egiteari ekin zion.
Cabaleirok adierazi duenez, "ez nekien hainbeste galiziar hemen zegoenik". Gaur egun Euskal Herrian 50.000 galiziar diren arren, bere garaian 100.000 pertsona izatera heldu zirela azaldu du. "Kopuru hori hazi bat behintzat utzi du, hemengo kulturarekin batzeko".
Ezustekoan harrapatu zuen Masustegi auzoak Cabaleiro, "batez ere arkitektonikoki". Bilboko auzoan etxeak inolako antolamendurik gabe eraikitzen hasi ziren aurreko mendean Galiziatik lan bila etorri ziren etorkinak. Galizian eraikitze modu horri "feismoa" deitzen diotela azaldu du. "Masustegiko jendea etxe bat behar zuen bizitzeko eta egunero 12 ordu lan egiten pasa eta gero, ez zuten denbora pentsatzeko nola eraiki nahi zuten etxea", horregatik, "bitxia da".
Gainera, Galiziatik Masustegira zuzenean zihoan bus linea ere sortu zutela jakitera eman du.
Hala ere, Bilbo Handian Galiziako bihotza Bilbo hirian ez dagoela argitu du, Ezkerraldean eta Meatzaldean baizik. Munduko bigarren Galizia Etxerik garrantzitsuena Barakaldon dagoela azaldu du, hori galiziarren influentzia adibide argia izanik.
Dokumentala igandean, irailaren 17an, aurrestreinatuko dute Kafe Antzokian 18:00etan. Estreinaldia, ordea, ZINEBI Jaialdian izango da, azaroan, hain justu. Bost urtetan bildutako "altxorra", azkenean, ezagutzera ematera "plazera" izango dela aitortu du, eta pozik dago proiekzioa Kafe Antzokian izango delako, bere "etxea" bezala sentitzen baitu.