Bilboko Udalak, Bilbao Gazte gazte-markaren bidez, lehiaketa antolatu du, 2017-2018ko youtuber ofizialak aukeratzeko. Aukeratutako pertsonek gazteentzat Bilbon eskaintzen diren aisialdiko planik onenak azalduko dituzte. Bideoak aurkezteko epea irailaren 12an hasi zen eta irailaren 26an amaituko da 23:59an.
Parte-hartzaileen artean neska bat eta mutil bat aukeratuko dira hilean bi bideo grabatzeko, banaka eta binaka. Parte hartzeko hiru baldintza bete behar dira: 18tik 25 urtera bitartekoa izatea, Bilbon erroldatuta egotea eta gaztelaniaz eta euskaraz jakitea.
Bideoei dagokienez, gehienez bost minutuko lana bidali behar da, hautagaiaren aurkezpen laburrarekin eta Bilbon hurrengo asteburuan zein izango den bere plana azalduta, euskaraz eta gaztelaniaz. Bideo hori eta izena emateko fitxa we transfer aplikazioaren bidez bidali behar dira helbide elektroniko honetara: gazteria@bilbao.eus.
Bilboko Udalak urriaren 5ean iragarriko ditu aukeratutako pertsonen izenak. Urritik aurrera, irabazleek, 2018ko maiatzera arte, hilean bi bideo egiteko konpromisoa hartuko dute, dagokion ordainsariarekin.