Calixto Bieitok aktore taldearekin 'Obabakoak' lanaren moldaketaren estreinaldia prestatzen dihardu

uriola.eus 2017ko ira. 14a, 13:01

Obabakoak Arriaga Antzokiaren denboraldi honetako ekoizpen lan propio nagusia urriaren 18tik 21era bitartean estreinatuko da euskaraz, bi emanaldi eskainiz goizez eta hiru arratsaldez. Arriagan ondoren, obra Bartzelonako Teatre Lliurera joango da, euskarazko bertsioaren 5 emanaldi eskaintzeko. 

Calixto Bieito eszena zuzendari eta Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoak, Bernardo Atxagaren Obabakoak lana antzerkirako moldaketa lanetan dihardu. Antzezlana Arriaga Antzokian estreinatuko da, euskaraz urriaren 18tik 21era, eta gaztelaniaz azaroaren 23tik 26ra. Denboraldi honetan Arriaga Antzokiaren zigilupean eszenara eramango den muntaketa lan garrantzitsuena izango da.

11 euskal antzezle lanean ari dira abuztuaren erdialdetik, Bieitoren aginduetara, ikuskizunaren euskarazko bertsioa, estreinatuko den lehenengoa, sortzen eta prestatzen. Joseba Apaolaza, Itziar Lazkano, Iñake Irastorza, Lander Otaola, Gurutze Beitia, Eneko Sagardoy, Ylenia Baglietto, Miren Gaztañaga, Ainhoa Etxebarria, Koldo Olabarri eta Karmele Larrinaga dira. Bieitok aukeratu zituen guztiak Arriaga Antzokiak deitutako entzunaldi publikoetan. Entzunaldi horietara 200 antzele baino gehiago aurkeztu ziren.

Bieito antzezlanaren esparrua gaindituko duen eta esperientzia multisentsoriala bilakatuko den lana ari da prestatzen, ahots desberdinetan oinarrituta eraikitako multimedia poema sinfonikoa. Inork zalantzan jartzen ez duen Atxagaren testuaren edertasunari, Obabakoak lanaren moldaketa honek oso elementu indartsuak gehitzen dizkio, Sarah Derendinger sortzaile suitzarraren ikus-entzunezko proiekzioak edo musika eta ahots moldaketak, mota guztietako beste soinu batzuen artean (lan horretan Carlos Imaz maisuak egindakoa azpimarratu behar da). Hori guztia, Susanne Gschwenderrek zuzendutako oso eszenografia bitxiaren eta funtzionalaren barruan gauzatuko da.

5 emanaldi euskaraz Bartzelonan

Obabakoak urriaren 18tik 21era estreinatuko da Bilboko Arriaga Antzokian, eta bertatik Bartzelonara joango da, Teatre Lliurera, hain zuzen ere, euskarazko bertsioan, katalanezko azpi-tituluekin. Bertan bost emanaldi eskainiko dira, egunean bat, urriaren 25etik 29ra.

Sarrerak

Sarrerak 6,50 eta 25 euro artean salgai izango dira www.teatroarriaga.eus helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.