BilbaoEszenak ikastaro berria inauguratuko du urrian, umeei, gazteei eta helduei zuzendutako antzerki tailerren hasierarekin. Aurre-inskripzioa datorren astelehenetik irailaren 30era arte egongo da zabalik www.bilbao.eus webgunean.
Soilik euskaraz emango diren umeentzako eta gazteentzako tailerrak ostegun arratsalde guztietan izango dira, ekainera arte. Ikasturte honetan, prestakuntzaren arduradunak Aritz Bengoa eta Alex Antunez izango dira.
Tailerrok hiru helburu nagusi dituzte: antzerkia sutatzea eta ezagutaraztea Bilboko umeen eta gazteen artean; antzerkiarekin erlazionatutako jardueren aurrean interesa duten umeei eta gazteei prestakuntza eskaintzea; eta antzerkiko tekniketan ondo prestatuta egongo den zaletu sarea sortzea, horiek izan daitezkeelako etorkizuneko profesionalak. Matrikularen kostua 2016. urteko bera da: 110 euro ikastaro osoa (80 euro langabezian dauden pertsonentzat edo Sarrera Berme Errentaren jasotzaileentzat).
Helduentzako ikastaroak
Helduei zuzendutako prestakuntzak umeentzako tailerren helburu berberak ditu. Oraingo honetan, Eszenarako Prestakuntzan eta Sorkuntzan zentratutako urteko ikastaroa (60 ordu) Nuria M. Cresek emango du gaztelaniaz eta Miriam k. Martxantek euskaraz. Jarduera astelehen (euskaraz) eta asteazken (gaztelaniaz) guztietan izango da, arratsaldeko 19:30etatik 21:30etara.
Ikastaroa antzerkiaren eta eszenaren munduan interesatuta dagoen edozein pertsonari dago zuzenduta, eta oinarrizko bi eremu landuko ditu: antzezle lana (energia, erritmoa, adierazpena, koordinazioa, emozioa…) eta sorkuntza lana (bat-batekotasuna, espazioaren definizioa, ideien bilaketa…). Ikastaroek 170 euroko kostua dute, 140 euro langabezian dauden pertsonentzat edo Sarrera Berme Errentaren jasotzaileentzat.
Ohikoa denez, eskariak eskainitako plaza kopurua gainditzen badu, aukeraketa egingo da aurre-inskribatutakoen artean, ondoren adierazten diren irizpideen arabera: lehentasuna izango dute Bilbon erroldatutakoek, eta gizonen eta emakumeen arteko parekotasuna eta euskarazko taldeak osatzeko aukera bilatuko da.