Dolores Ibarruri: Dolorosatik Pasionariara

uriola.eus 2017ko ira. 20a, 11:26
Dolores Ibarruri: de ‘La Dolorosa’ a ‘La Pasionaria’ liburuaren azala

Gaur goizean, Bilbogileak-Memoria de Bilbao bildumako liburu berria aurkeztu dute Udaletxeko Arabiar Aretoan. Bertan, Maria Jesus Cava Mesa, liburuaren idazleak, Dolores Ibarruri pertsonaiaren garrantzia historikoa aldarrikatu du, bai emakume bezala, bai politikari bezala. 

Maria Jesus Cava liburuaren egileak Dolores Ibarruri pertsonaia "eztabaidagarri bezain ezinbestekoa" dela esan du gaurko aurkezpenean. Bere esanetan "euskaldun unibertsala" izan zen. "Emakume apala, beti beltzez jantzita, eta hizketan paregabea zena, berehala harrapatzen zaituen pertsonaia".

Egilearekin batera, Bilboko alkate Juan Mari Aburto arduratu da hedabideen aurrean Bilbogileak-Memoria de Bilbao bildumako Dolores Ibarruri. 1895/1989 de ‘La Dolorosa a ‘La Pasionaria’ liburua aurkezteaz. Ondoan izan dute Miren Josune Ariztondo Bilbao 700 Fundazioko zuzendaria ere. Fundazioa da liburuaren argitaratzailea. 

Dolores Ibarruri "ikono politiko eta sozial itzela" izan dela gogoratu du Aburtok hitza hartzean. "Bere garairako aurreratua izan zen emakumea, eta horregatik gaur egun ikono bat izaten jarraitzen du. Horregatik, eta Bilborekin zeukan harremanagatik, kale bati izena ematen dio eta estatua bat du Amezola plazan". 

Horrez gain, Dolores Ibarruriren anekdota txiki bat azaldu du, Bilbo nola zuen maite adierazteko. Erbestetik bueltatu zanean, 70eko hamarkadan, Madrilera heldu zen. Baina bere lehenengo ekitaldi politikoa Bilbon izan behar zela esan, eta horrela egin zuen, erakustazokan egin zuen, 40.000 pertsonaren aurrean. 

Josune Ariztondorentzako Bilbogileak bildumaren erronka "bilbotarren eta Bilbon egon diren instituzioen ekintzak eta gertakariak berreskuratzea" da. Bere esanetan, obra honek "ederto" bete du helburu hori. "Bilbo pluralago bihurtu duten pertsonaiak agertu behar dira bilduman, eta, bere ustez, Dolores Ibarruri horietako bat da".