Harrapazank gazteen programak programazio zabalagoa izango du aurten, udazkenean talentuen eskola eta internet bidezko ginkana eskainita. Horrez gain, Instagram sare sozialeko selfien lehiaketarekin jarraituko dute.
Ekimen hauek, Izarren Hautsa talentuen eskola eta Klikazank internet bidezko ginkana, gazte bilbotarrentzat izango dira, gustuen araberako jarduerak eta esperientziak eskainiz. Programa bietan izena emateko epea zabalik dago www.harrapazank.eus orrialdean. Irailean eman behar da izena eta ekintzak urrian eta azaroan egingo dituzte.
Harrapazank gazteentzako programaren hamabigarren edizioa dugu honako hau. Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Sailak eta Euskaltzaleen Topaguneak (Euskara Elkarteen Federazioak) antolatzen dute gazteen artean euskara modu erakargarrian eta berritzailean bultzatzeko helburuarekin.
Izarren Hautsa, talentuen eskola
Izarren Hautsa euren musika, dantza edo antzerkiko trebetasunak hobetu nahi dituzten 9 eta 18 urte bitarteko gazte bilbotarrentzako eskola da.
60 pertsonentzako lekua dago eta horretarako, irailean eman behar da izena. Programaren helburua gazte horien talentua hobetzea eta sormena garatzea da. Urriko eta azaroko zapatu goizetan egingo da Begoñako, San Ignazioko eta Deustuko udaltegietan. 3 artista ezagun izango dituzte irakasle: Garazi Egiguren, María Rivero eta Itziar Ituño.
Hilabete bitan profesionalen aholkuak jaso eta euren talentua eta sormena hobetu eta perfekzionatuko dituzte 60 gazteok eta ondoren, euren lanak erakusteko aukera izango dute abenduaren 2an, Bilborock-en, Txalofest jaiaren barruan. Gainera, Izarren Hautsako partaideek bideoklipa grabatuko dute, 2018ko Harrapazank programan erakutsiko dena. Parte-hartzea doakoa da baina lekuak mugatuak direnez gero, lehenbailehen izena ematea komeni da.
Klikazank lehiaketa
Klikazank internet bidezko lehiaketa da, Bilbon bizi diren 12 urtetik 18 urtera bitarteko gazteentzat. Klikazank programaren helburua euskara sare sozialetan eta Interneten erabiltzea da.
Internet bidezko lehiaketan parte hartzeko, izena eman behar da webgunean, irailean. Urrian eta azaroan izango da. Parte-hartzaileek 4 proba egin beharko dituzte ezarritako epean eta emaitzak posta elektronikoz bidali beharko dituzte. Puntuazioak eta egin beharreko probak webgunean jartzen joango dira.
Irabazleek teknologia berriekin zerikusia duten sariak jasoko dituzte, 400 euroko guztizko balioaz abenduaren 2an, Harrapazank Txalofest jaian. Informazio guztia webgunean dago. Edozein modalitatetan parte hartu ahal izateko gurasoen baimena behar da.
Selfie lehiaketa
Aurreko programa bietatik aparte, urte hasieran Harrapazank-ekin batera hasi zen selfien lehiaketarekin jarraituko dute. Abenduaren 31ra arte selfie-ak bidal daitezke Harrapazankeko instagram kontura.
“Gustukoa dut” sakatzeko aukera egongo da eta hil bakoitzean “gustukoa dut” gehien dutenek sari bat irabaziko dute. Guztira hamabi betaurreko birtual banatuko dira, hilean bat. Irabazle suertatutako argazkiekin 2018ko Harrapazank egutegia egingo da.
Instagramen argazkiak eskegi eta lehiaketan parte hartu nahi duten gazteek traola honek erabiliko dituzte: #Harrapazank #Dozena1selfie. Sari-banaketa abenduaren 2an, Bilborock aretoan, Harrapazank Txalofest jaian egingo da.