Bertsoak eta zientzia? Zientziarekiko interesa pizteko "komunikazioa ezinbesteko tresna" da eta lan horretan "bidelagunak aurkitzea eta askotariko esparruak uztartzea beharrezkoa" da UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren arabera. Uztarketa horren fruitua da atzo, Bilboko Kafe Antzokian izan zen ekitaldia: Jakinduriek mundue erreko dau bertsozientzia emanaldia.
Hiru zientzialarik gai bat hartu eta horren inguruko azalpen laburrak eman zituzten lehenik. Hamar minutuko hitzaldi laburretan hainbat kontzeptu azaldu zituzten. Jone Uriak Errimaren definizio matematikoa, Juan Ignacio Perezek Zeruraino hegan egiten eta Miren Basarasek Bilboko itsasadarreko bakterio xelebrea, leptospirosia.
Kike Amonarriz aurkezle eta soziolinguistaren laguntzaz Unai Iturriaga, Alaia Martin eta Andoni Egaña bertsolariek informazioa deskodetu eta doinua eta errima jarri zituzten.
Entzuleek protagonismo handia izan zuten saioan. Epaile lanetan aritu ziren zenbaitetan, zutundu eta bertsolariei txartel berdea edo gorria erakusteraino.