Internetera dohainik eta modu irekian sartu ahal izango dira herritarrak, Udalaren eta tranbiaren azpiegiturari esker, Atxuritik Kasillara bitarteko geraleku guztietan 2017 urtea amaitu aurretik. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Arantxa Tapia Euskal Trenbide Sareko presidente eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak sinatu duten hitzarmenaren funtsa da erabakia.
Udalak "hiriaren lehiakortasuna eta ekonomiaren garapena informazioaren teknologien erabilera eraginkor eta adimentsuaren bidez bultzatzeko" helburuen artean sartzen da neurri berri hau ere. Une honetan, Udalak, Cimubisa udal sozietatearen bitartez, doako 800 Wi-Fi puntu ditu udal eraikin gehienetan (liburutegiak, kiroldegiak, udaltegiak…) eta kanpoaldean, baita auzoetan ere.
Hurrengo jomuga: osasun-zentroak
Ildo honetan, lanean ari dira sarea erreferentziako beste zentro batzuetara zabaltzeko. Azaroan beste hitzarmen bat sinatu zen Osakidetzarekin Wi-Fi konexioa jartzeko Basurtuko ospitalean gaixoentzat, familientzat, ikasleentzat eta hango langileentzat. Akordio hori Santa Marina Ospitalera hedatu zen, eta "aste batzuk barru udalerriko osasun-zentro gehienetan izango da erabilgarri", udal ordezkariek adierazi dutenez.
Argazkia: Juan J. Martínez