Bilboko Udala eta Eusko Ikaskuntza elkarlanean dabiltza ikerketa honekin. Aurrera ateratzeko, nahitaezkoa dute Bilboko gazteen parte hartzea. Horregatik, dei egin diete 15 eta 22 urte bitarteko gazteei ekimen honekin bat egin dezaten, Eusko Ikaskuntzarekin harremanetan jarriz.
Ikerketaren helburuak honakoak dira: batetik, Bilboko gazteek euskararekiko dituzten esperientziak ezagutzea eta beraien euskararen erabilera sustatzeko gakoak identifikatzea; eta bestetik, gazteon artean euskararen erabilera indartzea eta gazteoi hitza ematea.
Gazteek euskara nola bizi duten eta etorkizunean euskararekin izango dituzten hizkuntza-praktikak nolakoak izango diren aurreikustea nahi dute. Izaera kualitatiboa duen ikerketa honek, bi fase izango ditu: lehenengoa, gazteentzat zuzendutako foro parte hartzailea; bigarrena, Bilboko eragileekin kontraste mintegi bat.
Gazteen foro parte hartzailea
Foroaren xedea gazteen euskararekiko bizipen, esperientzia eta nahiak ezagutzea da, dinamika parte hartzaileak eta ludikoak erabiliz. Bertan, Bilboko 15 eta 22 urte bitarteko perfil ezberdinetako gazteek parte hartuko dute:
- Euskara etxean ikasitakoak eta eskolan euskaldundutakoak.
- Eskolatik kanpora beraien eguneroko bizitzan euskara badarabiltenak edota gutxi ala oso gutxi erabiltzen dutenak.
- Erabiltzeko nahia edo jarrera aktibo bat agertzen dutenak zein jarrera pasiboagoa erakusten dutenak.
- Euskararekiko lotura afektibo handia dutenak eta lotura epelagoa agertzen dutenak.
Foroak bi saio izango ditu eta urriko bi larunbat goizetan ospatuko da, urriak 7 eta urriak 21, Bilboko Euskararen Etxean.
Eragileen kontraste mintegia
Bilboko gazteekin kontaktu zuzena dituzten eragileak eta euskalgintzako eragileak izango dira mintegi honetako parte hartzaileak.
Gazteentzat zuzendutako ekintzak programatzen dituzten eragileek zer esana badutelako. Euskara sozializatzeko eta ikasi dena erabiltzeko esparru berriak behar dira, euskara afektibitatearekin, gizarteko harremanekin eta aisiarekin lotuko dutenak.
Hauexek dira mintegiaren helburuak:
- Gazteak foroan esan dutena eragileekin kontrastatzea.
- Eragileen lanetik eta gazteen euskara erabilerari begira, identifikatzen dituzten erronken gainean hausnarketa egitea.