Travelsondarrak, Bilboko merkataritzaren enbaxadore berriak

uriola.eus 2017ko ira. 26a, 09:52

Travelsondarraken aurkezpena

Asier eta Javier umoristak sortutako bikotea BilbaoDendaken enbaxadore berriak izango dira, eta beraiek duten ikuspegi bereziarekin Bilbon gertatzen dena umorez azalduko digute.

BilbaoDendak-ek Travelsondarrak aurkeztu ditu gaur, Bilboko merkataritzaren enbaxadore berriak diren umorez betetako atzerriko turista bikotea. Bilboko auzoetako merkatarien 12 elkarteek bisitari familia bitxi hau sortu dute, umorearen bitartez merkataritzaren, auzoen eta Bilbon gertatzen den guztiaren egunerokotasuna hurbiltzeko. 

Travelsondarren abenturak jasotzen dituzten lehenengo tira komikoak gaurtik datorren urriaren 7ra arte erakutsiko dira Erriberako Merkatuan egongo den erakusketan. Erakusketa Ja! Bilbaoren, Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Jaialdiaren, barruan dago, jaialdiaren eta bilbaoDendak-en artean sinatutako lankidetzarako akordioari esker. 

Asier Sanz eta Jose Javier Gamboa umorista grafikoak, Asier eta Javier izenez ezagunagoak, dira Travelsondarrak bineta komikoak sinatzen dituztenak. Eurak esaten dutenez, “zorte bikoitza daukagu, barretik bizi gara eta Bilbokoak gara”. 

 

Travelsondarrak

 

Travelson andrea bere herrialdeko Hezkuntza Ministerioko funtzionarioa da, eta asko atsegin du bidaiatzea, leku bereziak ezagutzea eta leku bakoitzeko produktuak erostea. 

Travelson jaunak, multinazional handi batean egiten ari den lanetik erretiratzear dagoen gizonak, asko atsegin ditu gure gastronomia eta enologia, eta bere hipertentsioa da horien aurrean mugak jartzen dizkion bakarra.

Eurekin batera Travy ibiltzen da, gure hiriko txoko guztietara joatea eta dena usaintzea atsegin duen txakur abenturazalea. Travelson familia dira, beti eurekin dagoen maskotarekin atzera eta aurrera ibiltzen den turista bikotea. Bisitan etorri ziren, baina Bilboko merkataritza eta gizarte bizitza ezagutu ondoren, bertan geratzea erabaki dute.