"Epe luzera begirako proiektua" izan nahi du Tripontzia Urteberriko Sariak, gaur Gure Esku Dago eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko kideek Kafe Antzokian adierazi dutenez. Paul Bilbao eta Angel Oiarbide Kontseiluko eta GEDko bozeramailen arabera, zozketa "eredu berri bat" sortu dute. "Lurraldetasuna eta euskal komunitatea bere osotasunean aintzat hartzen duen formatu honetako lehen zozketa da". Billeteen diseinuan ere ikus daiteke hori, zenbaki bakoitzeko zortzi serie, eta euskal lurraldetasunari lotutako zortzi ilustrazioetan. Zazpi lurraldeen eta euskal diasporaren irudiak erabili dituzte.
Ekimen berri hau "irekia eta bateratzailea izateko anbizioarekin jaio dela" azaldu dute bi bozeramaileek. Eta, aurrera begira, "eragile gehiagok bat egiteko aukera" zabalik dagoela gehitu dute. "Esparru anitzetako eragile eta dinamikek bat egin eta norabide berean garatzeko proiektu bateratzailea eta irekia izan nahi du. Elkarrekin lanean, komunitate gisa zer egiteko gai garen erakusteko balio dezaketen proiektuak jarri nahi ditugu martxan eta Tripontzia zozketa horren adibide bat da".
Zenbaki eta serie irabazleak 60.000 euro jasoko ditu eta zenbaki bereko gainontzeko zazpi serieek, bakoitzak, 6.000 euro. Nabarmendu dute gainerako sari potoloen aldean, irabazteko aukerak handiagoak direla, baina, bereziki, indarra eman nahi diotela bertakoa izateari, "gurea, euskal herritarron zozketa izateari".
Euskal Herri osoan egongo da salgai Tripontzia, saltokietan, tabernetan nahiz kalean, bost euroan. Jada herri gehienetan dago martxan eta aste gutxian bazter guztietara iritsiko da.
Kontseilua eta GED finantzatzeko
Tripontzia Urteberriko Saritik jasotako dirua Gure Esku Dago eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua erakundeak finantzatzeko erabiliko da, "erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenak eta Euskal Herrian euskararen normalizazioa bideratu eta bizkortzeko egitasmoak laguntzeko", alegia.
Bada zerbait irabazteko garaia
Gaurtik hasita martxan da Bada zerbait irabazteko garaia lelopean kanpaina. www.tripontzia.eus webgunean argitaratuko dute ekimenaren inguruko informazio guztia, www.gureeskudago.eus eta www.kontseilua.eus webguneetan, baita ekimeneko zein bi eragileen sare sozialetan ere. Zabaldu duten azalpen bideoa hedatzen laguntzeko deia egin dute.