"Euskara praktikatzeko eta bizitzeko" abian dira berbalagun taldeak Bilbon

uriola.eus 2017ko ira. 27a, 16:00

Ikasturte berriarekin batera, martxan da berriro Bilboko Berbalagun programa. Euskal Herri osoan ezaguna den fenomeno honek indarra hartu du gure hirian ere. Iaz 58 talde eta 378 berbalagun izan ziren. Aurten, datu horiek guztiak gainditzeko asmoa daukate dinamizatzaileek. Horretarako, "euskaraz gozatzeko gonbitea" egin dute #Praktikatu eta Bizi! lemapean.

Bospasei laguneko taldeak izan ohi dira, eta horiek osatzeko kontuan hartzen dira "parte-hartzaileen disponibilitatea, adina eta zaletasunak". Berbalagunak biltzeko tokiak anitzak dira Aitor Argote dinamizatzailearen arabera. "Bildu ahal dira kafetegian, tabernan, edo paseoan ibiltzeko... parte-hartzaileek erabakitzen dute non eta noiz, beti lagun giroan". Gainera, Bilboko auzo guztietan euskara praktikatzeko eta bizitzeko aukera eskaintzen du Berbalagun egitasmoak: Deustun, Santutxun, Olabegan, Zorrotzan, Indautxun, Castañosen, Zazpi Kaleetan, Otxarkoagan....

Horrez gain ekintza osagarri ezberdinak antolatzen dituzte urtean zehar, hala nola, txangoak, mintzodronoak edota kirol jarduerak.

Izena ematea doan da, eta "hamaika abantaila" eskura daitezke: emanaldietarako txartelak, opariak, deskontuak harpidetzetan (Aizu!, Berria, Argia, Gaztezulo...) eta bestelakoak.

Familientzat, "Gurasolagun proiektua dugu", dio Aitor Argotek. Euskararen transmisioa bermatzeko, ezinbestekoa da gurasoen eta seme-alaben arteko hizkuntz harremanetan eragitea. Ekimen honekin, guraso euskaldunak edota euskaraz ikasten ari direnak, egoera berdinean dauden beste guraso batzuekin harremanetan jartzea da helburua; plazan, parkean, asteburuko txangoetan... familia edo lagun giro guztiz euskalduna sortzea. Horretarako guraso eta umeekin berbataldeak, tailer txikiak, irteera edo txangoak antolatzen dira.

Ikastetxeekin zein ikastetxeetako guraso elkarteekin elkarlanean jarraituko dute ikasturte berrian ere Gurasolaguna egitasmoa beste ikastetxe batzutara zabaltzeko. Argoteren gomendioa da, "zure ikastetxean Gurasolagunen kartela ikusten baduzu, ez dudarik egin, joan idazkaritzara eta eman izena".

 

Izena emateko eta informazio gehiago eskatzeko

berbalaguna.blogspot.com 

Whatsapp: 607530132

E-posta: berbalaguna@aek.eus 

Facebook: Berbalaguna Bilbo