Gabriel Arestiri gorazarre egingo diote bere lagunek

uriola.eus 2017ko urr. 11a, 09:21

Antolatzaileak eta sortzaileak, batera, aurkezpen egunean (Argazkia: Euskaltzaindia)

Jardunaldi berezia antolatu du Euskaltzaindiak Gabriel Aresti Elkartearekin batera, Arestiren Euskal Harria poemarioak 50 urte betetzen dituen honetan. Gaur, egun osoan, idazle eta euskaltzain bilbotarra ondo-ondo ezagutu zuen jendea bilduko da Plaza Barrian. Tartean, Xabier Kintana, Bernardo Atxaga, Arantxa Urretabizkaia, Oskorri taldeko kideak –sei pieza joko dituzte– edota Jon Kortazar.

Jardunaldian Andoni Egañak eta Mikel Martinezek ere parte hartuko dute. Bertsolariak Arestik ahozko tradizioaren eta modernitatearen arteko zubia eraikitzen egindako ahaleginak aletuko ditu, eta Mikel Martinez aktoreak idazleak Hernanin emandako hitzaldi ospetsuaren dramatizazioa egingo du.

Goiz partean, Agustin Ibarrolari gorazarre txiki bat egingo zaio Susana Jodra ikerlariak Ibarrolak 1967an Euskal Harria poema libururako egindako grabatuak aztertuko ditu.

Arratsaldean (19:00etan), Bernardo Atxaga eta Arantxa Urretabizkaiaren arteko solasaldia izango da, eta ekitaldi berean Joseba Sarrionandiaren hitzak entzun ahal izango dira.

Bilbo Hiria Irratiak eta Euskadi Irratiak zuzenean eskainiko dute jardunaldia.

 

Arestiren lana berreskuratzen

Koldo Narbaiza Bilboko Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotzi ordezkariak gogoratu du Bilboko Udala Arestiren lana berreskuratzen ari dela aspalditik: “Iaz Mailu batekin: Biola batekin liburua publikatu genuen, idazlearen poema ezezagunekin, eta orain dela hiru urte Harri eta Herriren edizio berri bat plazaratu genuen, liburuaren 50. urtemugan”.

 

Euskal kultura bizirik Bilboko kaleetan 

Andres Urrutia euskaltzainburuak Bilbon euskarak duen presentzia nabarmendu nahi izan du, Arestiren izena eta izana nabarmenduz: “Aresti euskarazko kulturaren zutabe da, eta Bilbon gogoratu behar dugu hori. Ozen esan behar dugu, baita, euskal kultura bizirik dagoela Bilboko kaleetan, bizirik zegoen moduan, erdi ezkutuan izan arren, orain dela 50 urte, euskara batuaren bezperan, Arestik berak Euskal Harria liburua argitaratu zuenean”.

 

'Gabriel Arestiren Euskal Harriak 50 urte' jardunaldia, urriak 11, egitaraua 

 

www.euskaltzaindia.eus