Emakumeak jarritako salaketaren arabera, irailaren 17ko goizaldean taberna batean ezagutu zuen gizonarekin etxebizitza batean zegoela sexu erasoa egin zion gizonak. Telefono mugikorra ere lapurtu zion.
Mediku forentse batek artatu zuen emakumea Basurtuko Ospitalean, eta bertan aktibatu zen genero indarkeriaren aurkako protokoloa. Ertzaintzak erasotzailea identifikatzeko jarduerak abiarazi zituen eta asteartean, 13:00etan, atxilotu zuen ustezko erasotzailea, epailearen esku utziz. Emakumearen telefonoa ere berreskuratu zuen.
Zerbaiti baietz esatea ez delako guztiari baietz esatea
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), indarkeria matxista kasua ezagutzean, "ez, ezetz dela" gogorarazi du. "Zerbaiti baietz esatea ez delako guztiari baietz esatea, ezetz ezin esatearen egoeran egotea ez delako baietza ematea". Kontseiluaren arabera, "emakumeen borondatearen aurkako eta indarkeria zuzenagatik ongizatearen kaltea eragiten duen ekimen oro indarkeria matxista da". Hori dela-eta, "enegarrenez", eskatu du eragile guztiak indarkeriarekin harremana duten prebentzio mota guztietan inplikatzea eta egungo esfortzua hobetzea. Gero eta pauso gehiago emate aldera, EGK-k aurkeztutako proposamenak berretsi ditu.