IV. Bizikleta Martxa, batetik, ekimen aldarrikatzailea da Bilbotik Getxorako bidegorria "behingoan egin dadila" eskatuko baitute Biziz Biziko elkarteko lagunek, "Foru Aldundiak Plan Ciclable 2003-16 delakoan agindu zigun bezala". Elkarteak salatu duenez, "urteak dira" plan hau ez dela gauzatzen ari. "Bilbo Handiko mugikortasun iraunkorraren garapenean zutarri izan behar zuen egitasmoa ezereza bilakatu da".
Bestetik, ekimen alaia da. "Festa giroan" aterako baitira berriz ere errepidera haur, guraso eta lagunak, "egunetik egunera gehiago garela aldarrikatzeko, eta eskatzeko gehiengoa duen alderdiari, gainerako alderdiei eta tartean dauden erakundeei, haien arteko ardurei buruzko ika-mikak bazterrean utzi eta lanak behingoan bidera ditzatela".
Bilboko Udalbatzaren eskaria Garapen Ministerioari
PPren ezezko bakararrekin, Bilboko Udaleko Osoko Bilkurak adostu du Espainiako Garapen Ministerioari eskatzea Bilbo eta Getxo batzen dituen BI 711 errepidean bidegorria egitea. Mozioa EH Bilduk aurkeztu du.
Itsasadarretik doan BI-711 errepidean, Erandio eta Leioa zeharkatuz, Bilbo eta Getxo lotuko dituen bidegorri bat eraikitzea "herritar askoren nahia da", EH Bilduren iritziz. Horretaz gain, Bilbo metropolitanoaren garraio jasangarriarentzat "beharrezko azpiegitura" ere bada.
Aspaldiko eskaera da, "1999 urtekoa gutxienez". Portuko Agintaritzak (errepidearen jabeak) hainbat irtenbide funtzional zein aurrekontuarekin lotutakoak aurkeztu ditu berriki bizikletaren erabilerara moldatzeko.
Era berean, Bilboko eta Getxoko Udalei lurzorua eman zaie, 833 eta 46 metro, hurrenez hurren. Baina Leioak (1.724 metro) eta Erandiok (3.552 metro) ez dute akordioa onartu. Hori dela eta, bidearen %86 Estatuarena da oraindik. Horregatik uste du EH Bildu koalizioak beharrezkoa dela Garapen Ministerioak azpiegitura eraikitzea. "Gaur egun, jabetza aldaketa egin den bezala eginda, ezinezkoa zaielako udalerriei azpiegitura bere gain hartzea".
www.change.org/p/diputado-general-de-bizkaia-apoya-la-bicipista-de-bilbao-a-las-arenas