Europar Batasunak, orain dela bi urte, estatu kideen artean errefuxiatuak banantzeko kuotak jarri zituen. Grezia eta Italia, beraien hurbiltasunagatik, jasotzen zituzten ia errefuxiatu guztiak, eta beraiei laguntzeko, kuota horiek ezarri ziren.
Kuota horrekin batera, epe finko bat ipini zuten, data horren barruan heldu behar zirelako errefuxiatu guztiak. Epe hori bi urtekoa izan behar zela erabaki zuten, eta larunbat honetan agortzen da, irailaren 30ean.
Hori dela eta, larunbatean Europa osoan mobilizazioak egongo dira, baita Bilbon ere. Epea agortu da eta estatuek ez dute beraiek hartutako konpromisoa bete. Ez hori bakarrik, betetzetik oso urrun gelditu dira.
Heldu diren errefuxiatuak
Adostutakoaren arabera, EBko estatuek 98.000 errefuxiatu hartu behar zituzten, baina 160.000era hedu zezaketela esan zuten. Europako Batzordeak emandako txostenaren arabera, 28.000 pertsona heldu dira.
Alemaniak eta Frantziak izan dira gehien hartu dituztenak, baina hitz emandakoaren zenbakitik urrun. Alemania europar batez bestekoan ibili da gutxi gorabehera, %30. Frantziak, berriz, zegokion kuotaren %22a bakarrik bete du.
Espainiako Estatuaren kasua, ordea, hori baino lazgarriagoa izan da. Derrigorrez hartu behar zituen 9.000 inguru errefuxiatuen %13a besterik ez du jaso: 1.257. Eta kontuan izan behar da Madrilek konpromisoa agertu zuela ia 16.000 laguni ateak zabaltzeko.
Beraz, Euskal Herriko zenbakiak oso kezkagarriak izan dira ere. Mila errefuxiatu etorri behar ziren geurera, eta 134 etorri dira bakarrik. CEARetik, ordea, ez dira baino 54 pertsona pasatu. Horrek hartutako konpromisotik oso urrun gelditu direla esan nahi du.
Deialdia
Epea agortuta, eta datu guztiak ikusita, larunbatean Europako hiriburuetan mobilizatzeko deialdia zabaldu dute. Errefuxiatuen egoera salatzeko Bilbon ere manifestatuko dira, eta Eliptika plazan 12:30ean bilduko dira.
Bertara hurbiltzeko eta parte hartzeko deialdia egin dute. Gobernu Zibilaren aurrean egongo dira ordu betez, Estatuak ez dutela beraien harrera-konpromisoak bete salatzeko eta errefuxiatuen etorrera eskatzeko.