Indarkeria sexista

"Gaur denok Sestaora" deia zabaldu du Bilboko Mugimendu Feministak

uriola.eus 2017ko ira. 29a, 10:30

Argazkia: Ecuador Etxea

Gizonen eskuetan hiltzen den seigarren emakume euskal herritarra da Noelia Noemi, hipotesi nagusia berretsiz gero. Gaur, Noelia Noemiren herrian, Sestaon 19:00etan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia zabaldu du Bilboko Mugimendu Feministak.

Emakumeen Mundu Martxako kideek protokoloa aktibatu dute, eta ondorioz, gaur kontzentrazioa deitu dute Euskal Herrian izan den azken erailketa sexista salatzeko. Ezkerraldeko eta Meatzaldeko mugimendu feministak egin du deialdia Sestaoko Kasko plazan 19:00etan elkartzeko. Deialdi horrekin bat egin du Bilboko Mugimendu Feministak, "denok Sestaora" mezuaren bitartez.

Sestaoko Udalak bilera egin du, eta gaitzetsi egin du hilketa. Elkarretaratzera deitu du gaur eguerdirako. 

Larrialdi zerbitzuek atzo eguerdia baino lehen jaso zuten bere buruaz beste egin zuen gizon baten berria. Sestaon, Hiru Kontzejuen plazan, bere burua leihotik behera botata hil zen gizona. Ertzaintzak haren etxebizitzara igotzean emakume baten hilotza aurkitu zuten. Lehen hipotesia genero indarkeriarena da: gizonak emakumea hil duela —emakumeak arma zuriz egindako zauriak zituen—, eta gero bere buruaz beste egin duela.

Hipotesia baieztatzen bada, aurten gizonen eskuetan hildako seigarren emakume euskal herritarra litzateke.