‘Trikiharria’ Iñaki Perurena eta Kepa Junkeraren ekitaldia

uriola.eus 2017ko urr. 2a, 09:30

Perurena eta Junkera

Mondragon Linguak antolatutako TopakeTalk izeneko zikloan ‘Trikiharria’ ahozko hausnarketa eta zuzeneko musika bateratzen dituen ekitaldia egingo dute.

‘Trikiharria’, Iñaki Perurena eta Kepa Junkera protagonista dituen ekitaldia asteazkenean, urriak 4, Bilboko Dock Espazioan arratsaldeko 19:00ean izango da. Bertan, ahozko hausnarketa eta zuzeneko musika bateratzen dituen ekitaldia egingo dute.

41 urte harriarekin ibili eta gero, asko dauka Perurenak harriaren inguruan esateko. Gaia bere osotasunean hartuta, karga autobiografiko handia duen bakarrizketa bat prestatu du.

Performance honetan, Leitzako harri-jasotzaileak harriaren inguruko zenbait kontu botako ditu euskaraz eta bederatzi atal laburretan. Zenbait anekdota eta oroimen ekarriko ditu gogora, haurtzarotik harrijasotzaile-lanbidea utzi behar izan zuen arte.

Baina baita euskal kulturan eta hizkuntzan harria duen presentziaz ere mintzatuko zaigu. Gainera, berak sortutako bertsoak kantatuko ditu. Kepa Junkera saio honetarako bereziki konposatutako doinu berriekin eta kanta herrikoiekin tartekatuko da bakarrizketa. Trikitixa jotzeaz gain, Junkerak harrizko txalaparta bat eta beste tresna tradizional batzuk erabiliko ditu.