Indarkeria sexista

Indarkeria sexistari erantzuteko eta "guztiona den erantzukizuna" kalean adierazteko deia zabaldu dute

uriola.eus 2017ko urr. 5a, 13:04

Argazkia: Hala Bedi

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak indarkeria sexistaren aurkako protokoloa aktibatu du bost egunetan izan den bigarren erailketa matxistaren aurrean. Gaur, 19:30ean, Arriaga plazan, "denok kalera" irteteko deia zabaldu du: "Guztiona da erantzukizuna, pertsonala zein kolektiboa. Pasibotasunak ez du balio. Garaia da hitzetatik praktikara pasatzeko".

Bost egun pasa dira Sestaon Noelia Noemi erail zutenetik, eta matxismoak beste emakume bat akatu du, Ana gasteiztarra. Atzo aitortu zuen bere bikote ohiak Ana hil izana. Aurten, Euskal Herrian, bortizkeria sexistaren ondorioz hildako bosgarren emakumea da. Horrez gain, beste bi andre eta horietako baten semea ere erail dituzte azken hilabeteetan atzerrian. Beraz zortzi dira, osotara, 2017an gertatutako euskal herritarren erailketa matxistak, eta bat gehiago kontuan hartuta Bilboko gizon batek San Inazio auzoan bizitako bere bikotekide ohia Paolaren erailketa Ekuadorren.

Ana banatze prozesuan zegoela zabaldu da. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak ohar batean salatu duenez, "emakumeok gure bizitzaren gaineko erabakiak hartzen ditugunean zigorra jasotzen dugu, batzuetan muturreraino: heriotza zigorra". 

"Nazka" ere agertuta dute elkarte feministak biltzen dituen plataformako kideek. Emakume izate hutsagatik egunero "amaigabeko indarkeria matxista pairatzeagatik" nazka. "Keinu edo gutxiespen sotilenetik, erailketaraino" iristen den indarkeria. Eta indarkeria matxistak mugarik ez duela adierazi dute, "bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna delako, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak mantentzeko erabiltzen duen baliabidea".

Erasoak ez dira modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak. "Bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeria da". Horregatik diote agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura "ezinbestekoa" dela. "Guztiona da erantzukizuna, pertsonala zein kolektiboa. Pasibotasunak ez du balio. Garaia da hitzetatik praktikara pasatzeko".

Sisteman errotutako arazoaren aurrean, bat egitera dei egin diete emakumeei, autodefentsa feministara: "Ez garela bakean bizi aski badakigu, indarkeria sistemarteko anitzek kolpatzen gaituzte: prekarietateak, indarkeria fisikoak, erailketa matxistak... Honen aurrean, autodefentsa feministarako deia egiten dugu, elkarrekin indartsuago garelako, erantzuteko tresnak ditugulako, gure bizitzak direlako joakoan daudenak". 

Bosgarrena

Gasteizko 44 urteko Ana da aurtengo bosgarren emakume eraila Euskal Herrian, Emakumeen Mundu Martxak jakitera eman duenez. Miranda Ebron, Burgosen, agertu zen bere gorpua auto batean, arma zuriz egindako zauriak zituela. Urriaren 3ko arratsaldean atxilotu zuten gizona, eta atzo aitortu zuen erailketa. Bikoteak 18 eta 15 urteko bi seme-alaba zituen, eta banantzeko prozesuan zegoen.