Hitzordu "berezia" izango da gaurkoa, Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) jakinarazi duenez. Umorez egin nahi baitu etorkizunaz gogoeta elkarteak. Hitzaldirako titulua, eta "amua" Jule Goikoetxea eta Juan Kruz Igerabide hizlarientzat, EIEk jarritako Eta hogei urte barru? Orduan ere umorez da. Hortik abiatzeko eskatu zitzaien, EIEren esanetan "bi gizaldi, bi begirada, biak ere umorez egiteko gai".
Ez dira ekitaldian parte hartuko duten bakarrak. Jasone Osoro EIEko lehendakariak egingo du ekitaldiko sarrera, ondoren Andres Urrutia euskaltzainburuak hitza hartuko du.
EIEk honako gonbidapena gehitu dio ekitaldiari: "Euskal Idazleen Elkarteak bere bazkide eta lagunekin ospatu nahi du urteurren hau. Badakigu nondik gatozen. Ikus dezagun, irribarre batekin, nora joango garen".
Hitzordua: urriaren 5ean, 19:00etan, Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Barrian duen egoitzan. Sarrerako doakoa da, lekua bete arte.