Elhuyar Fundazioak eta Bilboko Udalak programa esperimental bat jarriko dute martxan, 12 urtetik 17ra bitarteko, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, ikasle gazteen artean ikerketa, zientzia eta teknologia sustatzeko; programa horretan, aisia erabiliko da gazteak erakartzeko foku nagusitzat.
Horretarako, tailer erakargarri batzuk antolatu dira urrian eta azaroan eskolaz kanpoko ordutegian egingo direnak eta abenturen eta zientzia-esperimentuen bidez ikerketara hurbiltzeko balioko dutenak. Ikertzaileek eta aitorpen handia duten profesionalek gidatuko dituzte tailer horiek, eta haien bidez lortu nahi da hirian etorkizun handikotzat jotzen diren sektoreetarako interesa piztea gazteen artean.
Plan pilotu horren atzean, Bilbon Euskadiko lehenengo gazteen ikerketa-zentroa sortzea da lehentasunezko helburua; bertan, jolas eta ikerketa jarduerak egingo dituzte adin horretako gazteek. Bidarte eraikinean kokatutako Deustuko Barrutiko Udaltegia aukeratu da BIZILABE zentro aitzindaria kokatzeko; zentro hori, fase esperimental honen ondoren, 2018ko urtarriletik aurrera hasiko da errendimendu osoz funtzionatzen.
Tailerrak
Abian jartzeko aurretiazko fasean, proba pilotu gisa, 12 urtetik 14rainoko eta 15 urtetik 17rainoko gazteentzako tailerrak antolatu dira, urrian eta azaroan egingo direnak. Gazteenen artean, musika-teknolaborategi bat eta kimikarekin esperimentatzeko tailer bat jarriko dira abian. Azken horretan, litxarreriaren testurak, koloreak, zaporeak eta usainak sortu eta manipulatuko dira.
Batxilergoko ikasleentzat den bigarren multzoan, asmakari elektronikoak diseinatzeko eta eraikitzeko jarduera bat eta ikerketa mikrobiologiko eta bioteknologikoa erabiliz misterio kriminal bat argitzeko tailer bereziak programatu dira.