Okupazio mugimenduaren aldeko manifestazio nazionala

uriola.eus 2017ko urr. 5a, 12:51

Bilboko Gazte Asanbladen Sareak datorren asteko larunbaterako, urriak 14, okupazio mugimenduaren aldeko manifestazio nazionala konbokatu du.

Bilboko Gazte Asanbladen Sareak (GAS) datorren urriaren 10ean egingo duen prentsaurrekoan datorren asteko manifestazio nazionalaren arrazoiak eta nondik norakoak azalduko ditu. 

Prentsaurrekoa eguerdiko 12:00etan izango da udaletxearen aurrean, Oteizaren eskulturaren ondoan. Manifestazioa, berriz, arratsaldeko 17:30ean izango da, Zabalburu plazatik hasita.

  

Bilboko Gaztetxeak 

Bai prentsaurrekoan, bai manifestazioan, Bilboko Gaztetxeen egoera salatuko dute, eta aurrera jarraitzeko babesa emango diote. Errekaldeko Etxarri gaztetxea pasadan urtean itxi behar izan zuten.

Bide beretik dabil azken egunetan Deustuko Gazte Lokala. Deusturi "bizia ematen" 26 urtez aritu den Gazte Lokala desalojatzeko agindua eman zuen Bilboko Udalak. Hasiera batean lokalaren azkena zirudiena aldatzea lortu zuten gazteek.

Orain, elkarrizketak iraun bitartean, Deustuko Gazte Lokalaren "desalojoa gelditzeko konpromisoa hartu dute" udal ordezkariak. Bi konpromiso hartu ditu Deustuko Gazte Asanbladak Bilboko Udalaren aurrean. Batetik, Gazte Lokalaren insonorizazio proiektu bat aurkeztea, eta "guk geuk egitea".

Bitartean kontzerturik ez dutela antolatuko hitz eman dute. Eta bestetik, baratza bezala erabiltzen duten gunea zaintzen jarraituko dutela adierazi dute.

Bestaldetik, Alde Zaharreko Zazpi Katu gaztetxea dugu. Urtarrilean bere 11. urtebetetzea izango du. Autogestioan oinarrituta, espazioa eraberritu eta auzoari alternatiba kultural eta politikoa eskaintzeko apustu erabakigarrian jarraituz. Edota Karmela, lehengo Santutxuko Karmelo ikastola zegoen eraikinean, auzolana bultzatuz.