Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida Astelehen Buruzuri saioei hasiera emateko

uriola.eus 2017ko urr. 9a, 09:34

Argazkia: Euskaltzaindia

Gaur hasiko dira Euskaltzaindiaren egoitzan Astelehen Buruzuri izenpean kontzertu akustikoak. Su ta Gar taldekide Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida izango dira gaurko lehen saioko protagonistak. 

Bilboko Udalarekin batera, sei kontzertu akustiko antolatu ditu Euskaltzaindiak, urrian eta azaroan egingo direnak. Gaur, urriak 9, izango da lehena, Aitor Gorosabelek eta Xabi Bastidak (Su Ta Gar) emango dutena; urriaren 16an bigarrena, La Basu eta Maisharekin; urriaren 23an Anariren txanda izango da, eta urriaren 30ean Inun zornotzarrarena. Azaroan, berriz, Gorka Urbizuk joko du (6an), eta zikloa hilabete bereko 13an amaituko da Niko Etxartek eskainiko duen kontzertuarekin.

Kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira, eta sarrerak 18:30etik aurrera egongo dira salgai (5 euroan), egun berean eta Euskaltzaindiaren egoitzan bertan (agortu arte).

Egitasmo berriaren helburuak Andres Urrutia euskaltzainburuak gogoratu duenez, “euskal musika hauspotzea” da, “euskaraz jarduten duten musikariei beste plaza bat eskainiz, zuzenean jo dezaten. Horrez gain, eta Udalaren laguntzaz, “Bilboko ingurunerik euskaldunenean (Zazpi Kaleetan) ekintza ludikoak bultzatzea” Euskaltzaindiaren nahia.