Euskaltzaleen aktibaziorako proposamena landu dute Euskal Herriko hainbat eragilek

uriola.eus 2017ko urr. 9a, 09:00

Argazkia: Euskaltzaleen Topagunea

Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak, elkarlana sustatuz, euskalgintzako eragileekin lan mintegia burutu dute 11 egun euskaraz ekimena martxan jartzeko gakoak aurkeztuta. 2018an egingo den ekimenaren antolakuntzan 40 herri eta eskualdetako euskaltzale-batzordeak hasiak dira.

Donostiako Barriola zentroan (EHU) euskalgintzako 120 eragile bildu dira Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean aurkeztu duten 11 egun euskaraz ekimenaren inguruan lan mintegia burutzeko. Topaketaren helburua, "euskarazko hizkuntza praktikak bultzatu eta hizkuntza ohituretan eragitea xede duen proposamena azaldu eta elkarlanean gakoak eztabaidatzea" izan da, ekimena martxan jarri eta herrietan lanean hasi ahal izateko. Antolatzaileen hitzetan, "erabat aberasgarria" izan den jardunaldiak, "esperientziak bildu, ezagutarazi eta elkarlanak probestu duen eztabaidaren bitartez, ekimena martxan jartzeko abiapuntua eskaini du" euskararen erabileran eragitea helburu duen lan ildoaren eskutik.

2018ko azaroa eta abenduan burutuko den ekimenaren antolakuntzan 40 herri eta eskualdetako euskaltzale-batzordeak lanean hasiak direla azaldu dute antolatzaileek. Mintegian Euskal Herriko bost lurraldetako euskaltzale, boluntario eta euskara teknikariek parte hartu dute. Lan mintegia izan da Donostiakoa, beraz, hurrengo urtean antolatuko den ekimenaren xehetasunak aurkezteaz gain, talde dinamikak izan dira antolakuntza prozesuko hainbat aspektu eztabaidatu eta herri ezberdinetako ordezkarien arteko esperientzia eta iritziak trukatzeko.

9:00etatik 14:00ak bitarteko iraupena izan duen mintegiari Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria den Elena Lakak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea den Miren Dobaranek eman diote sarrera. Ordezkari biek azpimarratu dute proposamenaren oinarrian dagoen gizarte eragile eta administrazio publikoen arteko elkarlana. Hizkuntza biziberritzeko bidean "elkarlan-dinamika berrien beharra" aldarrikatu eta "egitasmo honetan gauzatu nahi izan dela" azaldu dute erakunde bietako arduradunek.

Lan mintegia bost ikuspegik ardaztu dute. Lehena ekimenaren aurkezpena izan da. Ekimenaren arduradun Arrate Illarok, Euskaltzaleen Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabalek eta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Estibaliz Alkortak "inertziak apurtuz" euskararen erabilera ohituretan eragiteko helburua duen ekimenaren xehetasun eta gakoak eman dituzte. 2018ra arteko lan dinamikaren berri eman dute egitasmoko arduradunek eta prozesuan zaindu beharreko ezaugarri eta irizpideak aletu dituzte. "Aktibazio egitasmo honen bidez hiztunen hizkuntza praktiketan eragin eta era guztietako entitateen babes neurriak bultzatu" nahi direla kontuan hartuz, garrantzia berezia eman diote herriz herri antolatzen ari diren batzorde eragileei, gizarte eragileak, udalak eta herritarrak biltzen ari diren lan-taldeei.

Ondoren, dagoeneko aktibazio dinamika burutu dutenen esperientzia partekatu da. Donostiako Bagera elkarteko Aitziber Gurutzeagak eta Idoia Trenorrek Egia auzoko esperientzia azaldu dute eta Nola egin dute? Hizkuntza-ohituretan eragiteko esperientzien bilduma liburua aurkeztu dute. Azken bi urteetan 10 herritan egin diren aktibazio ekintzen esperientziak jaso dituzte lehen liburu horretan. Gida bat ere argitaratu dute (Ekitea da kontua izenburuko gida), aktibazio ekimen berriak martxan jarriko diren herrietan lagungarri izan daitekeen tresna.

Hirugarren, entitateen urratsak biltzen dituen Aktibatu dinamika (EHU) aurkezpena egin dute Maite Oronozek (EHU, Informatika Fakultateko ikaslea), Pilar Aristizabalek (EHU, Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikaslea), eta Jon Zaratek (Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara errektoreordea).

Laugarren, bildutako eragileek herri tipologiaren arabera hamarkako taldeak osatu eta Barriola zentroko (EHU) geletan bildu dira, ekimenaren inguruan eztabaidatu eta ekarpenak egiteko. Bildutakoen helburua, tokian tokiko errealitateak aztertu eta ekimena bideragarritasunez martxan jartzeko bideak elkarlanean ezagutzea izan da. Administrazio publiko eta gizarte eragileen arteko funtzio banaketak eta eskualde antolaketa izan dituzte aztergai nagusiak.

Bosgarren, dagoeneko martxan diren herrien jarduna ezagutzeko testigantzak entzun dituzte bertaratutakoek. Alde batetik, Elgoibarko Euskarak 365 egun batzordeak euren koordinazio esperientzia partekatu du. Bestalde, Tolosaldeko esperientzia partekatzeari esker, "eskualdean antolatzearen zailtasunak eta onurak" ezagutu ahal izan dira, Galtzaundi euskara elkarteko eta Tolosako Udaleko ordezkarien aldetik.

Lan mintegi "arrakastatsua" izan da antolatzaileen arabera, "ideiak partekatu, lan-programa azaldu eta zalantzak jasotzeko balio izan duena, eta datorren urte osorako dinamika abiatzeko baliagarria izan dena". 

Zer da 11 egun euskaraz?

11 egun euskaraz ekimenak helburu zehatza dauka: euskaltzale helduak aktibatzea eta prestatzea, beren eguneroko harremanetan euskaraz aritu daitezen ulertzen duten herritar guztiekin. Horretarako, hamaika eguneko ekimenak gauzatzea proposatzen da, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra.

Ekimena Euskal Herri osokoa izango den arren, tokian tokiko euskaltzaleak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak, eta inguru soziolinguistiko bakoitzaren errealitatera moldagarria izango da.