Munduko musikak airean

uriola.eus 2017ko aza. 8a, 08:00
Xose Manuel Budiño (Argazkia: Galicia PT)

Kulturaire egitasmoaren bigarren edizioak Galizia, Portugal, Korsika eta Euskal Herriko musika entzuteko aukera eskainiko du Bizkaia Aretoan. Fadoa, folka eta a capella musika, besteak beste. 

Kulturairek hurbileko kultura herrikoiak zabaldu eta nazioarteko beste proposamen berritzaile batzuk ezagutarazi nahi ditu. Edizio honetan, Portugal, Galizia, Korsika eta Euskal Herriko kulturak izango dira protagonista Kulturaireko bi kontzertu-jardunaldietan.

Maria Emiliak eta Xose Manuel Budiñok azaroaren 8an eskainiko dute kontzertua, eta A Filettak eta Ortzi Otxoteak, berriz, 9an, hurrengo egunean. Bi kontzertuak Bizkaia Aretoan izango dira, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. 

Maria Emilia 

Ahots bikain eta keinuzko adierazkortasun berezi horrekin, “fado kastizoz” eta “fado kantuz” osatu du bere errepertorioa, batzuetan letra ezagunekin eta bestetan erabat berriekin. Berebiziko erraztasuna du fado bat zeharo klasiko eta aldi berean berri bihurtzeko, estilo propioa duelarik bertsoak silabatan ahoskatzeko eta melodia modulatzeko. Bere gaztetasuna ez da izan oztopo punta-puntako “estilista” izatera iristeko. Lisboako gauetako ahots galdatuenetako bat da.

Zaleek Lisboako kale zaharrak zeharkatzen dituzte bere bila, badakitelako fadoan eta Barrio Altoko kale estuetan hazitako kantari honek oraintxe bizi duela bere momenturik gozoena.


Budiño

Artista atipikoa dugu Budiño, bere kideen miresmena pizten duen konpositorea, sortzaile zoragarria, zolitasunez uztartzen dituena musika tradizional galegoa eta soinu garaikideagoak, hitz batez esanda, “sotaque” (azentu) propioa duen musikaria.

Budiñok sei disko ditu argitaratuta: Paralaia, Arrededor, Zume de Terra, Home, Volta eta seigarrena, Sotaque. Goraipatua izan da mundu osoko kritikari espezializatuen artean bere sorkuntza eta zuzeneko emanaldiengatik, eta sari ospetsuak jaso ditu. Budiñok mundu osora zabaldu ditu bere konposaketak, eta bere emanaldiekin mukuru bete ditu toki askotako antzokiak. 

 

 

Ortzi Otxotea

Gizonezko koru berri bat, zortzi kantariz osatua eta 2016an sortua taldekideek erabaki zutenean Kanboko otxote jaialdira aurkeztea, zerbait desberdina egiteko eta jaialdi horretara joaten diren gainerako taldeetatik bereizteko. Abesbatzak ondo ezagutzen dituzten kantari eta musikariek osatutako korua.

Ortzirentzat gozamen hutsa da bere errepertorioa partekatzea, zeinetara biltzen baitira mundu osoko eta estilo guztietako ahozko piezak (jazza, soinu bandak…), baita ere euskarazko konposaketa tradizionalak, beste guztien gainetik lehentasuna dutenak. Gonbita jaso dutenez hainbat jaialdi eta tokiko produkziotan aritzeko, beren errepertorioa anitza da oso eta zabalik dago sorkuntza berrietara, munduko musikara eta euskal konposatzaileen lanetara.

Teknikari dagokionez, aipatzekoak dira bere kolore-paleta eta soinu orijinalak, betiere errepertorioaren arabera interpretatzen dituztenak, eta aipatzekoa da orobat eginahalean gutxitzen dituztela unisonoak.

 

A Filetta 

Kantu korsikarreko talde garrantzitsuenetako bat da A Filetta ensemble polifonikoa. 1978an sortua, bere helburu nagusia da uharteko ahozko ondarea kontserbatzen laguntzea, eta hala, mundu zabalera ireki da, baina bere erroak sorterrian ondo sustraiturik dituela. Talde honen bereizgarri garrantzitsuena bere sormena da, zeina etengabe berritzen baitu, kontzertu biziki exigenteak eskainiz.

A Filetta taldeak musika-proposamen garaikide bat dakarkigu, ahozko tradizio indartsuan oinarritzen dena, eta abeslariek tradizio hori betikotzen dute sorkuntza zorrotz eta libre baten bidez. Taldeak erro sakonak baditu ere, A Filettan ongi etorriak dira beste tradizio eta genero batzuk (antzerkia, zinema, dantza), zeintzuek aukera ematen baitute errepertorio desberdinak ekoizteko eta askotariko lanetan kolaboratzeko. Horregatik, “trukea” da bere musikaren funtsa.

 

Argazkia: Galicia PT