Bularreko minbiziaren aurkako lasterketa herrikoiak hamar mila lagun batu ditu

uriola.eus 2017ko urr. 9a, 12:00

Argazkia: ACAMBI

Pozarren agertu dira ACAMBI elkarteko arduradunak atzo Guggenheim Museoko zabalgune inguruan bildutako jendetzarekin. Izan ere, adin guztietako lagunak izan ziren IV. Bularreko Minbiziaren Aurkako Lasterketan parte hartu zutenak. 10.000 bat guztira.

"Gogoratzeko eguna" izan zen atzokoa ACAMBI elkarteko lagunen esanetan. Eguraldia lagun, herritarrek erantzun zabala eman zioten ekimenari. 10.000 bat lagun bost kilometroko ibilbidea osatzeko elkartu ziren igande goizeko 11:00etan bularreko minbiziaren aurkako borroka babestu asmoz. Gaixo, senide, lagun, elkartekide, pertsona anonimo eta erakundeetako ordezkariak, besteak beste. Denek soinean arrosa koloreko kamiseta zeramaten, dortsal zenbaki banarekin. "Pertsona solidario guzti horiei" eskertu nahi izan die elkarteak jasotako sostengua. 

Bertaratu ezin izan zuten lagunei 0 dortsala eskuratzeko aukera eskaini die ACAMBIk. Hau da, elkarteak babesten duen minbiziaren ikerkuntza diruz babesteko aukera (Laboral Kutxa 3035.0083.27.0830034765). 

Iaz, IIII. Bularreko Minbiziaren Aurkako Lasterketan 50.000 euro bildu zituen elkarteak. Aurten marka guztiak haustea espero du. 

Zamudioko Biogune laborategian Maria del Mar Vivanco doktoreak bularreko minbiziaren ikerketan zuzentzen duen sendabide berrien proiektua babesten du ACAMBIk. Helburua, "egunen batean, minbizia gaixo kronikoa eta sendagarria izatea da".