Ez du kezkarik Bernardo Atxagak bere eleberri ezagunena egokitzeko Calixto Bieitok egin duen lanarekin. Pozarren dagoela aitortu du. Gainera, nahiago du antzezlanaren inguruan tarteka iristen zaizkion berriak ez entzutea. Urriaren 18an, Arriaga Antzokian Obabakoak estreinatzen denean, "etorri nahi dut gainerakoak bezala", esan du gaurko aurkezpen ekitaldian. Aitortu duenez, konfidantza osoa du Bieitorengan "oso antzekoak" direlako, bien artean "batasun espirituala" sortu delako Obaban zehar egin dituzten prestaketa bidaietan. Irakurtzen duten poesian dago bi egileak lotu dituen batasuna. Atxagaren esanetan, "bi pertsona bat badatoz irakurtzen duten poesian, hortik aurrera dena ondo joango da". Eta horrela izan da, poesia bera irakurri eta gustuko dute. Elias Canetti, besteak beste.
"Harro" agertu da Bieito Obabakoak taularatzeko izan duen aukeragatik. Eleberri "osoa" dela adierazi du hainbat aldiz, oso liburu ezaguna berak gertutik ezagutzen duen Erdialdeko Europan eta eremu anglosaxoian. Horregatik "apaltasunez eta anbizioz" ekin dio urtebete luzatu den lanari, jakitun "ezinezkoa zela eleberriko eduki guztiak azaltzea". Prozesuan "borrokan" eta gozamenean" jardun da bai zuzendaria bai bere lantaldea. Suitzar, alemaniar eta txekiarrez osatua. Erreka baten ondoan eginiko lana izaki, Bieitok aipatu duenez, batzutan korrontearen alde egin du, eta beste batzutan kontra, "baina gehienetan alde". Oso barruan sentitu du Bernardo Atxagaren "aura berezia". Barre artean esan du gau askotan berarekin lo egin duela.
Obabakoak ipuin eta olerkitik asko du. Ahozko tradiziotik. "Aktoreek esateko, interpretatzeko idatzita dagoela", dirudi. 488 orrialdeetatik Bieitok "zati batzuk" hautatu ditu "zori, sen eta maitasunari jarriki". Eta zatietako bat Ylenia Baglietok proposatuta. Zirriborro handi bat esku artean zuenean, mozteari ekin zion eta ondoren edukia Europa erdialdean oso indartsua den tradizio bisualarekin osatzeari. Ikuskizuna, zuzendariaren arabera, "hamaika ahotseko olerki bisual-sinfoniko bat da. Ez du Bernardorena ez den hitzik".