Guggenheim 'Reflections' gauak

uriola.eus 2017ko urr. 11a, 11:27
Guggenheim 'Reflections'

Gaurtik hasita, eta larunbatera arte, iluntzean eta 20 minutuko saio etengabetan, argi eta soinu ikuskizunak proiektatuko dituzte museoan eta kanpoaldeko eskulturetan.

Gaur hasiko da Guggenheim 'Reflections' ikuskizuna museoaren XX. urte urrena ospatzeko. Larunbatera arte ikusgai egongo da argiz eta soinuz Bilboko gauak beteko dituen ikuskizuna.

Gaueko 20:30ean hasiko dira lau egun hauetan, eta gaueko 23:00etan bukatuko da. Denbora horretan 20 minutuko proiekzioak egongo dira etengabe. Proiekzio bat bukatzen denan, jarraian, beste bat emango dute, bukatzeko ordua heldu arte. 

Museoaz gain, kanpoaldean dauden eskulturak bere proiekzio bereziak edukiko dituzte. Jeff Koonsen "Puppy" txakurrak, Louise Bourgeoisen "Mama" armiarma erraldoiak, eta Anish Kapoor artistaren bola-dorreak museoaren bildumako lan mitiko batzuk irudikatuko dituzte.

'Reflections' Ikuskizuna

“Reflections” mapping-ikuskizunak 20 minutu inguruko iraupena du, eta denbora-tarte horretan, Frank Gehryk diseinatutako eraikinaren sorkuntza eta eraikuntza errepasatzeaz gain, bi hamarkadako kultur eraldaketa laburbilduko du.

Tony Sari bat irabazi eta, besteak beste, Londresko 2012ko Joko Olinpikoen inaugurazio ekitaldiko bideo sorkuntza diseinatu zuen 59 Productions bideosortzaile-kolektiboaren eskutik dator. Arduradunek hogei bat saio programatu dituzte eta 200.000 pertsonak aparteko ikuskizun honetaz doan gozatzeko aukera izan dezatela espero dute.

Udalaren gomendioak

Bilboko Udalak operatibo berezia prestatu du jende-pilaketa handiak izan ez daitezen. Segurtasun protokolo berezi bat ezarri dute ibilgailuen zirkulazioa mugatuz, bereziki Salbe eta Unibertsitate Etorbidearen inguruan, bertan bilduko baita “Reflections” ikustera gerturatuko den publikoaren zati handi bat.

Salbeko Zubian, Guggenheimetik hurbilen dauden espaloia eta igogailua itxiko dira, baita bi aldeetako eskailerak ere, eta errafiak ipiniko dira zubia zeharkatzen duten ibilgailuetako gidariek ekitaldia ikusteko aukerarik izan ez dezaten, zubiaren erdian gera daitezela saihestuz.

Hori dela eta, garraio publikoa erabiltzera animatu du Udalak eta behar adinako aurrerapenaz gerturatzea gomendatzen dute, pilaketak eta bestelako eragozpenak egon ez daitezen.

 

Argazkiak: 59 Productions