Zubi berriak
Aurrera begira, 2017/18ko erronken artean du Errigorak zubi berriak eraikitzea ekoizle, kontsumitzaile, kontsumo-talde, dendari, jantoki eta abarren artean, egunen batean "kanpainetatik harago merkaturatze bide berriak zabaltzeko", "ekoizpen-eremu eta ekoizpen-eredu berriak sustatzeko", "herria egin eta eraldatzen ari garen eragileen artean auzolan berriei bide egiteko", "hamaika izateko" eta "Errigoragotzeko".
Iazko bidea
2016/17 kurtsoan 22 ekoizle aritu ziren elkarlanean Errigoran. Bai kopuruari dagokionez eta bai inplikazioari dagokionez "gorako pausoa". Elaboratzaileen artean zein nekazari eta elaboratzaileen artean elkarlan berriak sortu ziren.
Nekazal ekoizpena ere sustatu zen. Nekazari berriak eta nekazal lur berriak bilatu eta aurkitzen jardun ziren, besteak beste. Izan ere, une batean eskaerak gainditu zituen. Ezin izan zuten eskaeren tamainako zainzuri ekologikorik bildu joan den udaberrian.
Iazko zenbakiak ez dira makalak. 14.000 saski banatu ziren, eta salmentetatik 175.000 euro eskuratu ziren euskalgintzarako.
Nafarroa hegoaldeko euskaltzaleek "amets berriak amesteko grina" ere azaleratu zuten. Etiketatik harago adibidez, "euskararentzat espazio berriak irabazteko eta euskaltzaleok elkarlan berri eta gaurkotuak martxan jartzeko ametsak marrazteari ekin genion".