'Bilbaopoesia' Literatur jaialdia

uriola.eus 2017ko urr. 16a, 09:43
Ruper Ordorika 'Bilbaopoesia'tik pasatuko da

Bidebarrietako Liburutegi barruan dagoen espazioan poesi topaketak egongo dira bederatzi egunez. ‘Gabriel Aresti adiskideen begietan’ saioarekin hasiera emango diote jaialdiari gaur arratsaldean.

Bederatzi egun hauetan, besteak beste, Pott Bandaren, euskal literaturan iraultza eragin zuen literatur talde apurtzailea, ordezkariak igaroko dira Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretotik, Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Joxemari Iturralde eta Bakedano, hain zuzen ere.

Horrez gain, euskal poesiaren erreferenteak diren Constantino Molina edo Martha Asunción Alonso egongo dira, baita Internet bitartez ezagun egin diren beste batzuk ere, Miguel Gane, Loreto Sesma edo Escandar Algeet. Azken horiek, euren poema liburuak arrakasta editorial bilakatzeaz gain, egunero konpartitzen dituzte euren poemak sare sozialen bitartez.

Jarduerak gaurtik aurrera hasiko dira, ohikoa denez Gabriel Arestiren Egunaren ospakizunarekin bat etorriz. “Gabriel Aresti adiskideen begietan” izenburupean, topaketak bere garaikide batzuk eta adiskide gazteagoak elkartuko ditu, Josu Torre, Angel Zelaieta, Karmelo Landa edo Asier Amezaga. Saio guztiak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira.

INTERNETETIK LIBURU-DENDARA

Jaialdiak, gazteenen artean ospe handia lortu duten egileentzako lekua erreserbatuko du urriaren 20an. Euren poema liburuak argitalpen arrakastatsu bilakatu dituzte, eta Internet barruan sortu dira, blog pertsonaletan, eta horietatik euren poemak sare sozialen bitartez konpartitzen dituzte. Izan ere, azken urteetan, poesiak eztanda egin du sare sozialetan, eta ikus-entzule berriek jaialdiak eta irakurketaldiak betetzen dituzte, eta Sarean, blogetan, Youtuben… argia ikusi zuten poemez osatutako liburuak erosten dituzte.

Topaketak, euren poemak ikus-entzuleekin konpartituko dituzten Miguel Gane, Loreto Sesma, María Leach eta Escandar Algeet elkartuko ditu. Kasu guztietan haustura erakutsi dute poesiarekin, ez maila formalean bakarrik, baita gaiei, transmititzeko moduari eta ikus-entzuleekin izan beharreko harreman arauei dagokienez ere. Milaka jarraitzaile dituzte, sare sozialetan batez ere, baina, horrez gain, jarraitzaile horiek euren abangoardiako eta diziplina anitzeko errezitaldiak bete egiten dituzte. Sarri askotan poesiatik baino arte eszenikoetatik gertuago dauden errezitaldiak dira, baina ez dute inor hotz uzten. Talde horrekin batera Travis Birds kantautorea arituko da.