Uda goieneko ostera

uriola.eus 2017ko urr. 17a, 11:56

Uda goieneko ostera aurkezpena

Bizkaiko Kultur zirkuituaren XVIII.edizioan puntako musika, antzerki lanak eta erreferentzia diren euskal musikarien zuzenekoak egongo dira ikusgai.

Bizkaiko Kultur zirkuituaren XVIII.edizioa aurkeztu dute Bilbon. Bertan, Jasone Mendizabal, Lorea Bilbao eta Ana de Castro egon dira zirkuitua aurkezten. Aurtengo zirkuituan, puntako musika eta antzerki lanak izango dira protagonista, erreferentzia diren euskal musikarien zuzenekoekin eta istorioak modu originalean kontatzen dituen antzerki berritzaileekin.

Bizkaiko Kultur zirkuituaren XVIII.edizioa Euskaltzaleen Topaguneak antolatu du, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Aurtengo Udagoieneko Ostera Anarik zabalduko du, Berrizen, eta azaroan zehar Igorren, Bilbon eta Arrigorriagan izango dira beste lau emanaldi. Leioan izango da azken hitzordua, Miss Karaoke antzerkia ikusteko aukera eskainiz.

Urriaren 21ean hasi eta abenduaren 2ra arte, beraz, puntako sei ikuskizun izango dira Bizkaiko sei aretotan. Musikaren eta antzerkiaren bueltan gozaraztea da Udagoieneko Osteraren helburua. Euskaltzaleen arteko harremanak artez, sormenez eta gozamenez, gertutik goxatzea.

 

Bilbo 

 

Sei ekitaldi horietatik bi Bilbon izango dira. Azaroaren 19an izango da Bilbok jasoko duen lehen ekitaldia, gaueko 20:00etan BBK Aretoan. Han, Kepa Junkera eta Soirginak ‘Maletak’ ikuskizunean bat egingo dute antzinako ohiturek, munduko doinuetan inspiratuta sorturiko kantek eta publikoaren indarrak. Ikus-entzunezko esperientzia honetan, Kepa Junkerarekin bat oholtzan Sorginak, dantzari, kantari eta perkusiojole diren emakume gaztez osatutako taldea egongo da.

Azaroaren 23an, berriz, Kafe Antzokia izango da lekuko. Bertan, Su Ta Gar Eibarreko taldea egongo da zuzenean. ‘Maitasunari Pasioa’antzokietako bira ahaztezinaren ondoren Su Ta Gar ohizko emanaldietara bueltatu da. Taldea sortu zeneko 30 urte betetzen dira aurtengo udazkenean eta indarrez gainezka jarraitzen dute. Kontzertua gaueko 22:00etan izango da.

Sarrerak Interneten, BBKren kutxazainetan eta aretoetan bertan erosi daitezke 12 eurotan. Su Ta Garren kontzerturako, Kafe Antzokiaren webgunean edo Ticketea atarian ere eskuratu daitezke.