Suteen prebentziorako astea

uriola.eus 2017ko urr. 17a, 12:24
suteen prebentziorako astearen aurkezpena

Pertsona nagusien etxeetan su-detektagailuak jartzeaz gain, suhiltzaileen kamioiak barrutik ikusteko, lehenengo laguntzak ikasteko, nola jokatu istripuetan jakiteko eta itzalgailuak nola erabiltzen diren jakiteko aukera eskeiniko du suteen prebentziorako asteak.

Bilboko Udaleko Suhiltzaileek eta babes Zibilak, Prebentziorako, Osasunerako eta Ingurumenerako Mapfre Fundazioaren Institutuak eta Suhiltzaileen Teknikari Profesionalen Elkarteak (APTB, gaztelaniazko siglekin) prebentziorako astea antolatu dute, honako honetan arreta jarrita pertsona nagusiak eta desgaitasunen bat duten pertsonak bizi diren etxeetan.

Suteen Prebentziorako Aste honen helburua herritarrei autobabeserako neurriak ematea izango da, etxebizitzetan nahiz auzokide-komunitateetan gerta litezkeen suteak detektatu, prebenitu eta horiei aurre egin diezaieten.

Astean zehar, zenbait hitzaldi eskainiko dira, doakoak eta irekiak, jubilatuen etxeetan, hurbiltzen direnei prebentzioko aholkuak helarazteko. Gainera, datozen hiletan ere jarraituko dugu ekimenarekin eta hitzaldi gehiago emango ditugu erretiratuen etxeetan.

Aste honetako hitzaldiak honako hauek izango dira:

  • Astelehena, urriak 16, 11:30ean, Otxarkoagako Jubilatuen eta Erretiratuen Elkartean, Pau Casals kalea, 19.
  • Martitzena, urriak 17, 10:00etan, Begoñako jubilatuen Elkartean, Begoñako Andra Maria kaleko 38an.
  • Eguaztena, urriak 18, 08:30ean, Gure Nagusiak Elkartean, Zamakola kalea 108.

Era berean, eguenean eta barikuan, Bilboko Suhiltzaileak plaza Biribilean jarriko dira jendeari, banan-banan, suteen prebentziorako aholkuak emateko eta gainera, hurbiltzen diren ume guztiei prebentzioko koaderno hezitzaileak eta suhiltzaileen kaskoak oparituko dizkiete.

Beste alde batetik, prebentziorako astearen barruan, eta Mapfreren laguntzarekin, 500 su-detektagailu inguru ipiniko ditu 2017an eta 2018an, 80 urtetik gorako pertsonak edo bikoteak bizi diren etxeetan. Bilboko Udaleko suhiltzaileak eta Babes Zibileko langileak etxeetara joango dira detektagailuak jartzera eta martxan jarriz gero zer egin behar duten azaltzera.

Interesdunek edo euren senideren batek su-detektagailua jartzeko eskaria egin behar dute barrutietako udaltegietan edota Herritarren Informazio Bulegoan, Ernesto Erkoreka plazan. Baldintza hauek bete behar dira: 80 urte baino gehiago izatea, bakarrik edota adin horretatik gorako beste batzuekin bizitzea eta euren telefono-zenbakia eta senide batena ematea, suhiltzaileak interesdunekin harremanetan jarri ahal izan daitezen.

Pertsona nagusien etxeetan su-detektagailuak jartzeaz gain, dibertsitate funtzionala duten pertsonen etxeetan ere kanpaina berezia egin nahi da. Hori dela eta, Once Fundazioaren, Feekor Gutxitasun fisikoa edo/ta organikoa duten Bizkaiko pertsonen Federazioaren eta Euskal Gorrak pertsona gorren elkarteen Euskal Federazioaren laguntzarekin, autobabesaren arloko hitzaldiak emango dira datozen hiletan, herritarrak arazoaz jabetu daitezen; batez ere etxeko suteen prebentzioa izango ardatza baina etxeetan detektagailu bereziak jartzeaz ere arituko dira.

Prebentzioaren jaia

Suteen prebentziorako astea amaitzeko, jaia egingo da Uribitarte pasealekuan, Guggenheim Museoaren ondoan, urriaren 21eko goizean zehar, larunbata. Etxe erraldoi bat, 400 metro karratukoa, jarriko da eta jendeak hainbat gairi buruzko aholkuak ikasteko aukera izango du: suteen aurrean nola jokatu, suteen kausa nagusiak, ke-detektagailuak nola jarri, ikastetxeak jendez husteko aholkuak, lehenengo laguntzak eta nola jokatu istripuetan, eta itzalgailuak erabiltzen ikastea.

Etxe puzgarriaren ondoan, suhiltzaileen kamioi batzuk egongo dira, jendeak ikus dezan zer-nolakoak diren suhiltzaileen kamioiak barrutik. Gainera, hurbiltzen diren neskato-mutiko guztiei “Suteak eta bestelako arriskuak prebenitzeko koadernoa” eta suhiltzaileen kaskoak emango zaizkie.

Jarduerak herritar guztientzat zabalik daude, prebentzioaren arloko ezaguera oro ondo baitator autobabes-maila handitzeko. Gainera, Bilboko Udaleko Larrialdietako Zerbitzu Medikuetako anbulantzietako langileek ere parte hartuko dute jardunaldi honetan, bihotz-biriketako bizkortzea (B.B.B.) egiten irakasten.