Alfredo Remirez: “Ez naute bakarrik espetxeratuko”

uriola.eus 2017ko urr. 18a, 11:30

Alfredo Remirez Marañon txiolaria espetxeratze aginduaren zain dago. Urtebeteko kartzela zigorra bete beharko du dispertsio politika salatzeko ekintza bat egiteagatik.

Aiaraldea.eus agerkariari eskainitako elkarrizketan "tristura eta amorrua" adierazi ditu Alfredo Remirezek. Tristura espetxeratuko dutelako eta amorrua "nirekin egiten ari direna bidegabekeria delako". Bidegabekeriak "ezintasuna" eragin dio, eta horrek "amorru gehiago". 

2005ean bere jaioterrian, Amurrion, herriko jaiak zirela bere lagun preso baten kartoizko panpin pare bat atera zituen Alfredok Udaletxeko balkoitik "euskal presoen dispertsioa salatzeko". Sakabanaketa "krudela salatzearren", 12 urte beranduago, espetxeratuko dutela dio. "Litekeena da" bera ere dispertsatua izatea eta bere familiak sakabanaketa pairatzea. 

Alfredoren iritziz, Espainiako Estatua ez da jabetu Euskal Herrian emandako aurrerapausoetaz. Presoen, senideen eta lagunen aurkako errepresioa mantenduz "bidea oztopatzen jarraitzen badu ere", Estatua "pixkanaka bide onean sartzeko" funtsezkoak dira herritarren babesa eta kaleko mobilizazioak. 

Biktimismoa gustuko ez badu ere, "andereñoak begiz jota" duela sentitzen du. Epaileak "tematu" egin direla berarekin. Batez ere, erabakia egun hartu duelako epaileak "duela 12 urte egindako ekintza baketsu, umoretsu eta irudimentsu bategatik". 

Ez daki Alfredok urtebete osoko kartzela zigorra bete beharko duen, non beteko duen, edota baimenik eskatzeko aukera izango duen. Altsasuko gazteen edota Tafallako Fernando Sotaren kasuak kontutan izanda, ez da baikorra bere etorkizunarekin. Ondotxo daki espetxeratzeak guztiz aldatuko duela bere bizimodua; egunerokotasuna, lagun eta senideekin duen harremana, militantzia eta gustuko gauzak egiteko aukera. 

Azken egunotan elkartasun eta babes keinu asko jaso ditu, ezagun eta ezazagunenak. "Ez dakit zelako petatea eraman beharko dudan maitasun eta elkartasun guztia sartzeko, baina barruan daramat", esan du hunkituta. Horregatik dio ez doala bakarrik: "Ez naute bakarrik espetxeratuko" .

Kartzelaratu baino lehen, adierazpen askatasun "eza" salatu nahi du. Bere kasua bezala "beste asko" daudelako. Izan ere, "hainbat oztopo" ditu adierazpen askatasunak egun, Mozal Legea, besteak beste. Han-hemenkako kasuek adierazpen askatasun urraketaren "kutxa" zabaldu dute, Euskal Herrian "beti egon den errepresioa" Estatu osora zabaltzeraino. Horri esker "jendartea kontzientzia hartzen ari da". 

Bidea

Bilbo Zaharrean bizi den Remirezek Entzutegi Nazionalean aurkeztutako errekurtsoa atzera bota du epaitegiak. Momentuz ez du jaso kartzelaratze agindurik, baina edozein unetan eman lezakete agindua.

2017ko otsailean epaitu zuten Remirez, sare sozialetan terrorismoa goratzea egotzita. Akordioa lortu zuen orduan: urte eta erdiko kartzela zigorra eta 14 urte eta sei hilabeteko inhabilitazioaren kondena dela medio ez zen izan kartzelaratua. "Txiolarien epaiketarekin atzera bota dute 2009ko auziaren suspentsioa, eta espetxe zigorra betetzea ebatzi du epaitegiak. Zigorra berez ez diote ezarri, 2009an ezarritakoaren suspentsioa atzera botatzea da egin dutena". 2009an, duela 12 urte, Amurrioko jaietan, Udaletxeko balkoitik preso baten irudiak erakusteagatik auziperatu zituzten hiru lagun. Tartean, Alfredo.