Margaret Harrisonen begirada feminista

uriola.eus 2017ko urr. 20a, 13:44
Margaret Harrison bere estudioan

Arte feministaren aitzindaria den Margaret Harrisonen Sexu, klase eta indarkeriaren arteko harremanak erakusketa ikusgai dago Azkuna Zentroan.

2018ko urtarrilaren 14ra arte bisitatu ahalko da Azkuna Zentroan Margaret Harrisonen Sexu, klase eta indarkeriaren arteko harremanak erakusketa. Xabier Arakistain, komisario gisa, arduratu da arte feministaren aitzindaria izan den artista britainiar honen formatu handiko eta atzera begirako lehen erakusketa antolatzeaz.

Erakusketak ibilaldi zehatza egiten du Margaret Harrisonen karreran barrena, 1971n jarri zuen banakako lehen erakusketaren erreprodukzioa abiaburutzat hartuta, inaugurazioaren hurrengo egunean poliziak itxi zuena.

Harrisonek emakumeen lan eta sexu-esplotazioari buruz egin zituen obra enblematikoak eta oraintsuagoko piezak jasotzen ditu, begirada feministaren auzian ardaztuta.

 

Margaret Harrison 

Margaret Harrisonek Carlisleko Arte Eskolan ikasi zuen 1957tik 1961era; eta Londresko Royal Academy Schoolsen 1961etik 1964ra, Ingalaterran. Gero, Perugiako Arte Ederretako Akademian eskuratu zuen gradua (Italian), 1964an.

Londresko Women’s Liberation Art Group taldearen sortzaileetako bat izan zen 1970ean. 1971n, erakusketa itxi zion poliziak, Hugh Hefner untxitxo baten gisa irudikatuta zuen pieza bat zuelako. Gaur egun Harrisonek Estatu Batuetan eta Ingalaterran jarraitzen du lanean, eta hainbat herrialdetan egin ditu erakusketak, Amerika, Suitza, Alemania, Txina eta Britainia Handia barne hartuta.

2013an, Norther Art Prize saria irabazi zuen, elkarren artean lotutako ‘The Last Gaze’, ‘Objectiflection’ eta ‘Common Reflections’ hiru lanak barne hartzen zituen ‘Reflect’ instalazioarekin. Urte horrexetan, Paul Hamlyn Awards artistentzako sari ospetsuetako bat eskuratu zuen.

 

Argazkia: Margaret Harrison