Miss Karaokek abesti bat kantatzeko enkargua jaso du, eta urduritzen hasia da. Zer kantatuko du ebento handian, antolatzaile handiaren enkarguz, jende guztiaren aurrean? Are gehiago, zein hizkuntza aukeratuko du? Gutxiengo gutxitu, gehiengo gutxitu, gutxiengo gehiengotu edo gehiengo gehiengotuagotuentzat kantatuko du?
Zerk definitzen zaitu? Identitatea aukeratu egiten da, edo identitateak aukeratzen zaitu zu? Era horretako galderei erantzuna bilatuko die Miss Karaokek, bere barne ahotsekin talkan.
Hainbat talde eta proiektutan esperientzia handia duen laukoteak eramango du lana oholtzara: Iñaki Ziarrusta, Marina Suarez Ortiz de Zarate, Unai Lopez de Armentia eta Javier Fernandezek.
Pez Limbo eta Metrokoadroka konpainiek elkarlanean sortu eta zabaldu dute antzezlana. Gasteizko Principal Antzokiak DSS-2016ren 'Dramaturgia berriak' deialdiaren barruan ekoiztu du, Arriaga eta Victoria Eugenia antzokiekin elkarlanean.
Emanaldia gaur, hilak 23, izango da, 20:00etan.