Irisgarritasun hobekuntzak Santutxun eta Miribillan

uriola.eus 2017ko urr. 24a, 11:41
Basurtoko igogailua

Bilboko Udala gaur hasiko da hiru elementu mekaniko berri jartzen, herriko irisgarritasuna hobetzeko asmoarekin. Santutxuko Laurencin Markesaren kalean eta Miribillako Askatasuna etorbidean jarriko dituzte.

Bilboko Udala gaur bertan hasiko da bi auzo horietako irisgarritasuna hobetzen. Urte bateko lana izango da bi kasuetan eta auzo bietako irisgarritasuna hobetzea du helburu. Santutxuko igogailuak kiroldegiko aldapan jarriko dituzte, Miribillakoak, berriz, Bizkaia Arena eta auzoa bat egiten duen aldapan.

Laurencin Markesaren kalea

Santutxun igogailu inklinatu bi jarriko dira Cocherito de Bilbao eta Iturriaga kaleen arteko maila gainditzeko. Goiko igogailuak Iturriaga kalean izango du goiko geralekua eta Laurencin Markesaren eta Anselmo Guinea Margolariaren arteko bidegurutzera arte iritsiko da. Ibilbidearen erdialdean izango du geraleku bat, haurtzaindegiaren parean. 65 metroko ibilbidea izango du, 8,5 metroko maila gainditu ahal izateko.

Bestalde, beheko igogailua Anselmo Guinea Margolariaren kaleko zenbaki bakoitien aldea jarriko da, Laurencin Markesaren kaleko bidegurutzean bertan, Cocherito de Bilbao kaleko bidegurutzeraino. 45 metro inguruko ibilbidea izango du 5 metrotik gorako desnibela gaindituta.

20 lagun sartzeko edukiera izango dute kabina biek. Igogailuek zaintza-sistema izango dute, ingurua denbora errealean ikusi ahal izateko, etengabeko elikadura-sistema, kabinaren barrualdearekin komunikatzeko sistema eta abar.

Horrez gain, konexioa hobetuko da Cocherito de Bilbao kalearen eta Circo Amateur del Club Deportivo kalearen bidez, lekuz aldatuta oinezkoen pasabideetako bat eta espaloia zabalduta umeen jolasgunea duen plazaren aldean, orain dagoen lorategi-gunea kenduta.

Obren ondorioz, zenbait aldaketa egin behar dira inguruan; hortaz, gaurtik aurrera, eta obrek dirauten bitartean, espaloia, galtzada eta aparkalekua okupatu beharko dira Laurencin Markesaren kalean, Iturriaga eta Cocherito de Bilbao kaleen artean. Horrez gain, tarte horretan, zirkulazioaren beherako noranzkoa behin betiko kendu eta Iturriaga eta Cocherito de Bilbao kaleetatik bideratuko da.

Azurleku auzoan ere zirkulazioaren noranzkoa aldatuko da, 6. zenbakiaren eta eta 22. zenbakiaren atzealdearen artean. Azkenik, aparkalekua okupatu beharko da Circo Amateur Club Deportivo kalean. Hasiak jarriko dira aurretiaz aparkaleku horretan.

Askatasun etorbidea 

Aldi berean, Bilboko Udaleko Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Sailak igogailu inklinatua jarriko du Miribillako Askatasuna etorbidearen (Bilbao Arenaren hego-ekialdean) eta Juan Carlos Gortazar kalearen artean. Igogailuak 54 metroko ibilbidea izango du, 31 metrotik gorako altuera gaindituta. Bi geraleku izango ditu; goiko aldean Juan Carlos Gortazar kalean eta beheko aldean Askatasuna etorbidean. Igogailua orain dagoen mendi-hegalean jarriko da eta, obrak amaitu ondoren, egokitu egingo dira sortuko diren ezpondak. Ibilbide alternatibo irisgarria ere egingo da, orain artekoa aldatu gabe.

Kabinak 20 lagunentzako lekua izango du. Igogailuak zaintza-sistema izango du, ingurua denbora errealean ikusi ahal izateko, etengabeko elikadura-sistema, kabinaren barrualdearekin komunikatzeko sistema eta abar. Igogailuaren aurrekontua 1.480.000 eurokoa izango da. 

Obra hau egiteko, gaurtik aurrera, eta urtebetez, espaloia eta aparkalekua okupatu beharko dira Askatasuna etorbidean eta Juan Carlos de Gortazar kalean. Espaloia itxiko da Juan Carlos de Gortazar kalean, Askatasuna etorbidearen eta Julian Zugazagoitia kalearen artean, eta oinezkoentzako pasabide berria egingo da, oinezkoek joan-etorriak etengabe egin ahal ditzaten.

 

Argazkiak: google maps