Bizikleta elektrikoarekin ibiltzeko ikastaroak

uriola.eus 2017ko urr. 25a, 12:21

bizikleta elektrikoa abandoibarran

Bizikleta elektrikoz ibiltzeko doako ikastaroak antolatu dituzte astebururako Bilbon.

Urriaren 27an, barikua, hasiko dira Bilbon uriko trafikoaren artean bizikleta elektrikoz ibiltzeko teknikak ikasteko edo hobetzeko ikastaroak. Urriaren 29ra arte emango dira ikastarook. Doakoak dira eta bakoitzak ordu biko iraupena izango du. Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saila, Urban Bike eta Energiaren Euskal Erakundea (EVE) dira antolatzaileak.

Plazak mugatuta daude eta 18 urtetik gorakoentzat dira ikastaroak. Urriaren 25era arte eman daiteke izena Udalaren informazio-telefonora deituta: 010 edo 944 010 010. Eskarian norberak bere bizikleta elektrikoaz ala Bilboko Udalak lagatako bizikleta batez parte hartuko duen adierazi beharra dago.

Barikuko ikastaroak FEVEren geltokian emango dira, goizez 11:00etatik 13:00etara eta, arratsaldez 16:00etatik 18:00etara. Zapatuan eta domekan, berriz, ikastaroak 11:00etatik 15:00etara bitartean emango dira Urban Bikek Areatzako kaian jarrita duen standean; bizikleten azoka ere Bilbon egingo da asteburu horretan.

Bizikleta elektrikoz ibiltzeko ikastaroen xedeen artean dago bizikletariek galtzadan seguruago mugitzen eta uriko bide-mota eta egoera guztietan zirkulatzen ikastea; esate baterako, bidegorrietatik, partekatutako bideetatik, galtzadekiko bidegurutzeetatik, pasabideetatik edo nola jokatu biribilguneetan.