Banden Lehiako lau finalistak aukeratu dituzte

uriola.eus 2017ko urr. 26a, 10:28
Banden Lehia finala

Akabu, Aneguria, Azken Trena eta Raust! taldeak dira Banden Lehiako 9. edizioko lau finalistak. Irabazleak disko bat grabatzeko eta BBK Livean jotzeko aukera izango du.

Azkue Fundazioak antolatzen duen musika txapelketako 2017ko bederartzigarren edizioko finalistak aukeratu dituzte. Bilboko Aneguria, Berako Azken Trena eta Basauriko Raust! Aukeratu dituzte finalerako epaimahaia osatzen dutenek. Galdakaoko Akabu taldea, berriz, jendearen botoekin aukeratua izan da.

Banden Lehia euskal musika sustatzen duen lehiaketa da eta banda amateurrik onena saritzen du, tokiko taldeak ezagutzera emanez eta, bide batez, euskal musika sarean ere zabalduz. Estilo anitzetako banda eta kantuak izan dira lehian. Rock taldeak dira gehienak, baina pop, metal eta punk alternatiboa ere entzuteko aukera izan dute aurten. Euskal Herriko txoko ezberdinetako taldeak egon dira, gehienak Bizkaiakoak eta Gipuzkoak izanik.

Epaimahaia Ritxi Aizpuru (musika editore eta Baga Biga diskoetxeko arduraduna), Xabi Hoo (Enkore taldeko abeslaria), Maia Muruaga (Euskal Irratiko kazetari eta esataria) eta Aritz Gonzalezek (Last Tour International) osatzen dute.

Talde finalistak hautatzeko lanetan aritu diren epaimahaikideek aurtengo maila oso altua izan dela azpimarratu nahi izan dute. Hiru talde aukeratu behar izan dituzte eta zaila izan da azken erabakia hartzea. Izan ere, oso lehia estua izan da, kalitate handiko proposamenekin.

Hiru finalista horiez gain, publikoak ere izan du bozkatzeko eta iritzia emateko aukera. Galdakaoko Akabu taldea izan da puntu gehien lortu dituena Banden Lehiako web orrialdearen bitartez egindako bozkaketan, 10.612 botorekin.

Taldeek publikoaren laguntza eta botoak behar izango dute berriro ere Azaroaren 24an Bilborocken ospatuko den finalean. Epaimahaikideak ere bertan izango dira kontzertuak ikusten eta irabazlea zein izango den erabakitzen.

Nahi duen edonor joan ahalko da finalera eta Banden Lehiako finalistez gain, Itziarren Semeak taldeak kontzertua eskainiko du.